Abereen eta nekazal produktuen azokarekin iritsiko dira San Martin festak Lasaora igandean

Julene Frantzesena 2021ko aza. 4a, 09:08
2019an Lasaon egin zuten bertako produktuen azokako irudia.

Gainera, haurrentzako hainbat ekintza izango dira igandean bertan, hala nola txupinazoa, bazkaria, puzgarriak nahiz txokolatada. Jaiek datorren ostegunean izango dute segida, eta ostiralerako nahiz larunbaterako ere ekitaldi ugari antolatu dituzte auzotarrek. Jaietako azken egunean bi kontzertu izango dira Frontoi Hotz Festen barruan: Manitou eta Istilu taldeenak.

Iaz pandemiagatik etena egin behar izan bazuten ere, aurtengoan ez dute hutsik egingo San Martin jaiek Lasaon. Igande honetan hasiko dira festak, baina datorren astean izango dute horiek jarraipena. Izan ere, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte azaroaren 7rako, 11rako, 12rako eta 13rako.

Igande honetan sartuko dira festa giroan auzotarrak. Hain zuzen ere, 11:30ean hasita, abereen eta nekazarien produktuen azoka izango da frontoian, eta giroa alaitzen ariko dira Ioritz eta Iraitz Arsuaga trikilariak nahiz erraldoiak eta buruhandiak. Gero, umeen txupinazoa izango da, jaien hasieraren seinale, eta argazkia ere aterako dute auzoko txikienek. Gainera, gaztetxoen bazkaria ere igandean izango da. Arratsaldean, berriz, puzgarriez gozatzeko eta txokolate beroa dastatzeko aukera izango dute horiek.

Festek datorren ostegunean izango dute jarraipena. Egun horretan meza nagusia izango da Lasaoko elizan, eta gero, hamaiketakoa dastatzeko parada izango dute Lasaoko jubilatuek. Ostiralean, berriz, 20:00etan botako dute txupinazo ofiziala, eta ondoren, bertso afaria egingo dute, Andoni Egañarekin eta Jone Uriarekin. Itzeder eta Txibilter trikitilariak arduratuko dira afalostean giroa berotzeaz.

Aurtengo sanmartinetako azken eguna hilaren 13a, zapatua, izango da. Ekitaldi berezi bat prestatu dute auzotarrek: Frontoi Hotz Fest. 19:30ean txosna zabalduko dute, eta 20:00etatik aurrera, Manitou eta Istilu musika taldeek kontzertu bana eskainiko dute pilotalekuan.

Hona hemen, jaietako egitaraua:

Azaroak 7, igandea.

11:30. Lasaoko abereen eta nekazal produktuen azoka. Ioritz eta Iraitz Arsuaga trikitilariak eta erraldoiak eta buruhandiak ariko dira giroa alaitzen.

Ondoren, umeen txupinazoa eta argazki erraldoia.

Segidan, gaztetxoentzako bazkaria.

16:00. Haurrentzako puzgarriak frontoian.

17:00. Txokolatada.

Azaroak 11, osteguna.

11:00. Meza nagusia.

11:30. Auzoko jubilatuentzako hamaiketakoa.

Azaroak 12, ostirala.

20:00. Txupinazoa.

20:30. Bertso afaria, Andoni Egañarekin eta Jone Uriarekin.

Ondoren, Itzeder eta Txibilter trikitilariak.

Azaroak 13, zapatua.

19:30. Txosnaren irekiera.

20:30. Manitou taldearen kontzertua.

21:30. Istilu taldearen kontzertua.