Denbora bikaina eginda, Aizkolari Txapelketa Nagusirako txartela lortu du Mikel Larrañagak

Nerea Uranga 2021ko urr. 31a, 08:56

Azaroaren 21ean Bilbon jokatuko den Sherpa.ai Aizkolarien Txapelketa Nagusirako txartela aise lortu du Mikel Larrañagak. Atzo, zapatua, jokatu zuten hamahiru aizkolarik sailkapen proba Zestoako Kiroldegian; eta Larrañagak minutuko aldea atera zion bigarren denbora onena egin zuen Eneko Otaño beizamarrari.

Sherpa.ai Azkolari Txapelketa Nagusiko sailkapen proba jokatu zen atzo, zapatua, arratsaldean Zestoako kiroldegian. Lehen Mailako hamahiru aizkolari gizonetan eta hiru emakumeetan aritu ziren. Mikel Larrañaga azpeitiarra ere tartean zen, eta sailkapeneko denborarik onena egin zuen, abantaila aterata gainera. Hala, azaroaren 21ean Bilbon jokatuko den final handirako txartela lortu du Larrañagak.

Gizonek sei enbor ebaki behar izan zituzten Zestoako jardunaldian: bi kanaerdiko 54″, bi 60″ eta bi oinbiko 72″. Aizkolari azpeitiarrak 16 minutu eta 44 segundo behar izan zituen lan guztiak bukatzeko. Haren atzetik egin zuen zen Eneko Otaño  beizamarrari minututik gorako aldea atera zion; 17 minutu eta 57 segundotan bukatu zuen lana Otañok.

Gizonetan honako sei aizkolariak sailkatu dira finalerako:

1- Mikel Larrañaga (Azpeitia): 16 ́44”
2- Eneko Otaño (Beizama): 17 ́57”
3- Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa): 18 ́11”
4- Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia): 19 ́16”
5- Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia): 19 ́25”
6- Jon Irazu (Zizurkil, Gipuzkoa): 20 ́03”

Finala jokatzetik kanpo geratutako aizkolariak  honakoak izan ziren Zestoako proban: Ugaitz Mugerza (20 ́33”), Julen Larrea (21 ́06”), Iñaki Azurmendi (21 ́10”), Jexux Mugika (22 ́05”), Arkaitz Jauregi (23 ́50”), Jon Rekondo (24 ́16”) eta Eloy Corchero (24 ́48”). Azken horrek, azkena sailkatuta, Promozio mailan jokatu beharko du datorren denboraldian.

Emakumeen kasuan, Karmele Gisasola Zelai III.a, Garazi Arrutietak eta Uxue Ansorregik jokatu zuten Zestoan, eta 36”ko lau enbor ebaki behar izan zituzten. Gisasola izan zen lanak amaitzen aurrena, 9 minutu eta 5 segundoko denborarekin. Uxue Ansorregik 9 ’11 “ denbora egin zuen, eta Garazi Arruti hirugarrena izan zen, 13 ’22” denboran bukatuta. Finala jokatuko duten hiru emakumeak Zelai III.a, Maika Arostegi eta Uxue Ansorregi izango dira.