Igogailuaren lanak tarteko, datorren asteazkenean itxita izango da Arana eta Arana Goikoa lotzen dituen errepidea

Julene Frantzesena 2021ko urr. 28a, 14:15
Igogailuaren lanak aurrera doaz. (Azpeitiko Udala)

08:00etatik 18:00etara bitartean izango da itxita errepide zati hori, igogailuaren egitura muntatu behar dutelako. Arana Goikoa, Etxe Alai eta Santutxo auzoetarako trafikoa karakoletik bideratuko dute bi noranzkoetan, semaforo baten bidez.

Arana kalea eta Arana Goikoa auzoaren artean egiten ari diren igogailuaren lanak tarteko, bi gune horiek lotzen dituen errepidea itxita izango da datorren asteazkenean, azaroak 3, 08:00etatik 18:00etara bitartean. Izan ere, egun horretan igogailuaren egitura muntatu behar dute.

Errepidea itxita egongo den ordu horietan, karakoletik bideratuko dute Arana Goikoa, Etxe Alai eta Santutxo auzoetarako trafikoa. Horretarako, semaforo bidezko aldizkako pasabidea jarriko dute, bi noranzkoetan. Udalak barkamena eskatu du egun horretan "sor daitezkeen eragozpenengatik eta deserosotasunengatik".

Maiatzean hasi zen Construcciones Moyua enpresa igogailuaren lanekin. Arana kalearen eta Arana Goikoa auzoaren irisgarritasuna hobetzeko helburuz eraikiko dute igogailua. Zehazki, Arana Goikora joateko maldaren hasieran ari dira eraikitzen igogailua, eta bi solairu izango ditu. Obrak zortzi hilabeteko epean bukatu beharko ditu. Proiektuaren aurrekontua 416.489,87 eurokoa da.