39. Euskal Antzerki Topaketak

Azukre asko, edulkorazio gutxi

Ane Olaizola 2021ko urr. 28a, 17:21
Iraia Elias, Erika Olaizola eta Amancay GaztaƱaga dira obraren zuzendari, idazle eta aktoreak. (Kulturaz)

Erika Olaizolak, Amancay Gaztañagak eta Iraia Eliasek ondu duten Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana taularatuko dute igandean Soreasu antzokian, Euskal Antzerki Topaketen lehen asteburua ixteko.

"Hiru emakume, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pasteltxoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa al da? Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?". Zertzelada horien atzean dago Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obra.

Kamikaz Kolektiboko kide diren Erika Olaizola azpeitiarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak eta Ttak Teatroa konpainiako Iraia Elias zarauztarrak gorpuztu dute obra –hirurak dira antzelanaren zuzendari, gidoilari eta aktore–, eta igandean aurkeztuko dute, Azpeitian, 39. Euskal Antzerki Topaketen barruan. 19:00etan izango da emanaldia, Soreasu antzokian, eta sarrerak salgai dira Kulturaz.eus atarian.

Iaz Netflix plataforman entzutetsu egin zen Bridgerton telesaila izan du hirukoteak obra sortzeko inspirazio iturri: "Garai batean girotuta dagoen telesaila da, baina nahi du moderno ukitua izan, emakumeak ahalduntzeko halako intentzio bat du. Ohartu ginen, ordea, rolei lotutako betiko egiturei jarraitzen ziela ikus-entzunezkoak", adierazi du Olaizolak. Telesail horretan jasotakoak bidea ireki zien fikzioaren eta rolen inguruan hamaika galdera egiteari: "Zer ikusten dugu guk, eta zer ikusten du jendeak? Nola eragiten du fikzioak gure izateko eran, harremanak eraikitzeko moduan?".

Galdera horiek buruan, artistei senak esan zien obra bat sortzeko mamia zutela. "Ikusi genuen oso material interesgarria genuela, eta fikzioaren eta errealitatearen espazioak eraman ditugu antzezlanera". Gainera, obraren sortzaileak emakumeak izanda, prozesua "naturala" izan da. "Hasieratik hirurok elkartu gara, eta beti bezala, gure barrutik hasi gara kontatzen. Hiruron materialarekin osatu dugu lana; pertsonala da, beraz".

Beste behin, artistek umoreari heldu diote istorioa mamitzeko orduan, aurrez hartutako erabakia izan ez bada ere. "Egia da inprobistatzen hasten garenean, beti umorearen tonua hartzen duela obrak. Gure bizitzetan ere oso presente dago umorea, eta kode berberak erabiltzen ditugu". Umore ganberroa, aldrebesa, probokatzailea dute gustuko, eta azukreaz gain, osagai horiek ere erruz jasoko ditu publikoak.

Ohi bezala, inprobisazioaren eta jolasaren bidez ondu dute obra, baina Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegiren kasuan, koxka bat igo dira, ekoizpenari dagokionez. Izan ere, aurrenekoz, Azpeitiko Kulturaz kooperatibak antzezlana ekoitzi die, eta positibotzat jo du hori azpeitiarrak: "Ekoizpena edukitzeak beste leku baten kokatzen du lana. Prekarietatetik urrundu eta baliodun egin gara".

Igandean, etxean taularatuko dute obra, eta gogotsu daude. "Konfiantza osoa dugu esku artean dugunarekin, eta oso gustura gaude". Ikusleek ondo pasatuko dutela uste dute, eta haiei galderak eginarazteko ispilu ere izan nahi dute.

Erlazionatuak