"Pandemia garaian oso kriminalizatua izan da gazteria"

Julene Frantzesena 2021ko urr. 29a, 09:10
Enara Arrizabalaga eta Enaitz Zubizarreta Frontoi Txikiaren kanpoaldean, kontzertuen kartela eskuetan.

Zapatuan eta igandean hainbat kontzertu izango dira Frontoi Txikian, Azpeitian sortu berri den Gazte Altxa! gazte mugimenduak antolatuta. Bi egun horietan Leherkaitz, Errietan, Iheskide eta Stepi selektah taldeak ez ezik, Andoni Oilokiegi, Burutik, Lukiek eta Laket taldeak izango dira agertokian, eta sarrera doakoa izango da. Jaialdiaren atarian, Enaitz Zubizarreta (Azpeitia, 2005) eta Enara Arrizabalaga (Azpeitia, 2002) Gazte Altxa!-ko kideekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Zer da Gazte Altxa!?

Gazte Altxa! Azpeitiko gazte ezberdinek pandemiaren ostean osatu duten talde bat da. Alde batetik, pandemia garaian oso kriminalizatua izan da gazteria, eta bere buruan pentsatzen duen pertsona talde bat bezala definitu dute. Beste aldetik, aisialdiari begira hutsune handi bat antzeman dugu Azpeitian, eta horri erantzuna emateko ere sortu da taldea. Horren harira, gure helburuak eta aisialdiko hutsunea uztartzen saiatuko gara.

Gazteen arteko antolakuntza "gero eta zailagoa" dela esana duzue zuen aurkezpen testuan. Zergatik?

Pandemia garaiko azken bi urte hauetan oztopo asko izan ditugu, jendearekin elkartzea izanik muga nagusiena. Horrek, gizartea aldatzea ekarri du, eta horregatik da antolakuntza beharrezkoa, nahiz eta zaila den. Aisialdiari Azpeitian gazteak falta zaizkiola pentsatzen dugu, eta astebururako antolatu dugun ekimenen gisakoak eginez, gure herrian kultura susta dezakegula uste dugu.

Euskara, naturaren zaintza, feminismoa, justizia soziala eta presoak dituzue lan lerro. Zergatik?

Euskal Herrian bizita, kultura eta aisialdia ezin ditugu ulertu euskararik gabe, euskara gure ama hizkuntza eta gure hizkuntza bakarra baita. Gizonen eta emakumeen berdintasuna oinarri hartuta, bakoitza den eta sentitzen den bezalakoa onartu behar da, eta Euskal Herri parekide eta feminista lortu arte lanean jarraitu beharra dago. Horretarako, elkarren arteko zaintza ezinbestekoa izango da, baita edozein eraso irmo salatzea ere. Matxismoaz eta sexismoaz gain, beste arazo batzuk ere badira: arrazismoa eta faxismoa esaterako, eta gu horien aurka gaude.  Era berean, gazteok pobreziara kondenatuta gaude, enplegu prekarioak lortzeko aukerak eskaintzen zaizkigu, eta bitartean, gutxi batzuek irabaziak izan ditzaten edozein modutan ustiatzen dute gure ama lurra. Berdintasunean eraikitako herri eta lurralde batean bizi nahi dugu. Azkenik, etxean falta zaizkigunak gogora ekarri nahi ditugu eta beraiek etxean izan arte lanean jarraituko dugu, euskal preso, iheslari eta deportatu politiko gabeko herri aske bat lortu arte.

Gazte Altxa!-ren lehen egitasmoa antolatu duzue astebururako: hainbat kontzertu izango dira zapatuan eta igandean. Zer dela eta?

Taldea aisialdi arlotik sortu denez, eta kultur egitasmoek beren jarduna etenda eduki dutenez, bi alderdi horiek uztartzeko sortu dugu Gazte Altxa! jaialdia. Xedea da herriko taldeak eta hain famatuak ez diren taldeak bultzatzea, bertako musika indartuz.

Aurrera begira, zer helburu dituzue?

Aisialdiari lotuta, aurrez aipatu ditugun balioak oinarri hartu eta ekimen gehiago egitea da gure asmoa. Egitasmoek formatu desberdinak izan ditzakete, eta herritar guztiei, baina batez ere gazteei zuzendutakoak izango dira horiek.

Taldera batu nahi duenak zer egin behar du?

Orain arte, astean behin batu gara Frontoi Txikiko jaialdiaren inguruko lanak egiteko. Hemendik aurrera, jardun berarekin segituko dugu, helburu ditugun ekimenak gauzatu ahal izateko. Era berean, taldeak izaera irekia duela, eta beraz, Azpeitiko gazteei irekita dagoela esan nahi dugu; izan ere, ziurrenik, gazte ugarik sentituko dute guk sentitu dugun egonezina eta faltan sumatuko dute gisa honetako espazio bat edukitzea. Beraz, taldera animatzen den edonor ongietorria izango da!