Bueltan da Udazkeneko Argazki Rallya

Julene Frantzesena 2021ko urr. 25a, 10:46
2017ko argazki rallyko irudi bat.

Azaroaren 7an, igandez, izango da rallyaren XXXI. edizioa. Bi berrikuntza izango ditu, gutxienik, aurtengo rallyak: aurrerantzean Lagun Onak Mendi Bazkunak ez du antolakuntzan parte hartuko eta rallya ez da mendikoa izango.

Pandemiak eragindako geldialdia pasatuta, azaroaren 7rako, igandea, Udazkeneko Argazki Rallyaren XXXI. edizioa antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak. Bi berrikuntza izango ditu, gutxienik, aurtengo edizioak: aurrerantzean Lagun Onak Mendi Bazkunak ez du antolakuntzan parte hartuko eta rallya ez da mendikoa izango. Hain zuzen ere, herrigunean egingo dute rallya datozen edizioetan.

Rallyrako izena egunean bertan eman beharko da, 09:00etatik 09:30era bitartean, Argazki Elkartearen egoitzan, Soreasu auzoko Dinamoa sormen gunean. Argazkiak ateratzeko gaia ere orduantxe jakinaraziko dute. Rallya 13:30ean bukatuko da egoitza horretan bertan, parte hartzaile guztien txarteletako edukia ordenagailuetara pasatutakoan.

Helduek bost euro ordaindu beharko dute izena emateagatik, eta 16 urtetik beherakoek, berriz, doan parte hartu ahal izango dute egitasmoan. Aurten hamaiketakorik ez dela izango eta prezioa horregatik jaitsi dutela azaldu du Argazki Elkarteak.

36 argazki gehienez

Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu, denak JPG formatuan. Argazki horiek azaroaren 14ra arte bidali ahal izango dira, argazkiakaae@gmail.com helbidera, parte-hartzailearen izen-abizenak, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuz.

Rallyaren XXXI. edizioan ere hainbat sari banatuko dituzte. Helduen kasuan, adibidez, bost izango dira sariak: lehena, bigarrena, hirugarrena, herriko lehen sailkatuarena eta argazki onenarena. Gaztetxoen artean, berriz, lehen hiru hautatuek jasoko dituzte sariak.

Aurtengo rallyaren sari banaketa ekitaldia azaroaren 27an izango da, 18:30ean hasita, Argazki Elkartearen Dinamoa sormen guneko egoitzan.