Ekoizle txikien produktuen banaketa errazteko proiektu pilotu bat jarri dute martxan

Julene Frantzesena 2021ko urr. 22a, 17:48
Ekoizleak nahiz EHNEko, Edertoko eta Eusko Jaurlaritzako kideak.

Gipuzkoako EHNE sindikatuak, Ederto harakinen taldeak nahiz Gipuzkoako hainbat ekoizlek eta harakinek Azpeitian aurkeztu dute egitasmoa gaur, ostirala. Gaurtik aurrera, Gipuzkoako hamabost saltokitan 11 ekoizleren askotariko produktuak eskuratu ahal izango dira; saltokietako bat Odriozola harategia izango da.

Gipuzkoako saltoki txikietan ekoizle txikien produktuen banaketa sistema errazteko xedez, Baserritik zuretzat, zentzuzko merkataritza proiektu pilotua jarri dute martxan Gipuzkoako EHNE sindikatuak, Ederto harakinen taldeak nahiz Gipuzkoako hainbat ekoizlek eta harakinek. Gaur aurkeztu dute proiektua Azpeitian, egitasmoan parte hartuko duen Odriozola harategiaren atarian, eta han izan dira erakundeetako nahiz proiektuan parte hartuko duten eragileetako ordezkariak, hala nola Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidentea, Jexux Odriozola Edertoko kidea, Luixa Uzkudun Mahala enpresako kidea eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea.

Gaurtik aurrera, Gipuzkoako hamabost saltokitan 11 ekoizleren askotariko produktuak eskuratu ahal izango dira. Saltoki horietan hainbat produktu eskuratu ahal izango dituzte herritarrek, hala nola barazkiak, esnekiak, edariak, janari kontserbak eta abar. Egitasmoarekin ekoizpen, banaketa eta merkaturatze eredu jakin bat sustatu nahi dute, COVID-19aren pandemiak are ageriago utzi duelako ekoizle eta saltoki txikien elkarlanerako beharra. Hala azaldu du Luixa Uzkudun Mahalako ordezkariak: "Duintasunez lan egiteko modua emango digu proiektuak eta herritarrek prezio jasangarrietan eskuratu ahal izango dituzte Gipuzkoako ekoizle txikien produktuak".

Proiektuan parte hartuko duten eragileek produktuen balioen katea adostu dute, "askotan" hirugarren baten bidezko banaketek "errentagarritasun baxua" sortzen dietelako ekoizleei. "Hori saihesteko, ekoizle askok beren gain hartu izan dute banaketa. Kasu batzuetan, banaketa guk egitean sarrera ekonomiko handiagoak izan arren, logistika eta banaketa kostuek zati handia kendu izan diote gure errentari, norbanakook inbertitu behar izan dugun debora aparte utzita", azaldu du EHNEko presidenteak. Martxan jarri duten proiektua halako egoerak bizi dituzten ekoizleentzako "alternatiba" izan daitekeela esan du hark.

Horrez gain, baina, bertako produktuen "eskaintza bateratua" kudeatuko du proiektuak: "Espezializatutako komertzio txikiek bertakoak diren produktuak aurkitzeko arazoak izaten dituzte, bertako produktuen eskaintza anitza eta bateratua duen merkaturatzaile gutxi dagoelako". Martxan jarri duten egitasmoarekin, baina, eskaera horri aterabidea eman nahi diote. Zentzu horretan, bertako ekoizle txikien produktuen salmentarako gune nagusi bilakatu nahi dituzte herrietako saltoki txikiak. "Bi agenteen etorkizuna bermatu nahi dugu, gaur egungo erronka nagusiei aurre eginez eta merkatuaren nahiak asetuz. Helburua da katea osatzen dugun elementu guztiak onuradunak izatea; baserritarrak, harakinak, dendariak eta eroslea".

Proba pilotua

Urtebeteko epealdian probaldian izango da proiektua, eta hastapenetan, 11 ekoizlek –Igeldoko esnea, Arriatzu barazkiak, Larreta esnekiak, Mahala esnekiak, Behieko esnekiak, Zelaieta gaztak, Baztarrika gaztak, Isastegi sagardoa, Lizeaga sagardoa, Gaintza txakolina eta Akarregi Txiki txakolina– eta hamabost harategik –Odriozola (Azpeitia), Txantxiku (Oñati), Javi Vadillo (Legazpi), Jon Diaz (Aretxabaleta), Agirre-Etxe (Arrasate), Igarza (Bergara), Salegi (Bergara), Arozena (Zarautz), Otar Goxo (Usurbil), Uzkudun (Zestoa), Gabilondo Arregi (Antzuola), Leturia (Bergara), Iñaki (Beasain), Iturralde (Tolosa) eta Arriatzu (Hernani)– parte hartuko dute.

Teorian egin duten banaketa errealki "jasangarria" al den frogatu nahi dute. "Neurtu beharko dugu jarduna errentagarria al den, eta ziurrenik aldaketak egin beharko ditugu; beraz, gauzak nola egin aztertzeko balioko digu urte honek". Dena den, egitasmoa Gipuzkoa osora zabaltzea dute helburu. "Herritarrek proiektua bere egitea lortzen badugu, hau da, herritarrek bertako produktuen aldeko egitasmotzat hartzen badute martxan jarri duguna eta produktuak erosteko ohitura hartzen baldin badute, aurrera egiteko bultzada jasoko dugu".