39. Euskal Antzerki Topaketak

Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu du Uemak

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 20a, 11:00

Arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzea izango da bekaren helburua, eta horretarako, talde irabazleak 23.000 euro eskuratuko ditu. Datorren urteko Euskal Antzerki Topeketetan estreinatuko dute lana, eta Dinamoa sormen gunea bizpahiru astez erabiltzeko aukera izango dute bekaren irabazleek.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Arnasa Gara kanpaina jarri zuen martxan 2019an, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean eta beste hainbat erakunderen laguntzarekin. Kanpaina horren helburua da udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek euskararen biziberritzeari eta Euskal Herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzea eta herritarrak arnasguneen garrantziaz kontzientziatzea. Kanpaina horren barruan, beste urrats bat egin dute hiru erakundeek orain: hain zuzen ere, Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute.

Arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzea izango da bekaren helburua. Dagoeneko zabalik dago proiektuak aurkezteko epea, eta edozein antzerki taldek izango du deialdira aurkezteko aukera, oinarrietan zehaztutakoa onartuz gero. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da, eta deialdira aurkeztutako lanak aztertu ostean, epaimahaiak abenduaren 3an jakinaraziko du bekaren irabazlea zein den.

Irabazleak 23.000 euro jasoko ditu guztira, eta apirilaren amaierarako aurkeztu beharko dio oinarrizko gidoia epaimahaiari. Era berean, Dinamoa sormen gunea bizpahiru astez erabiltzeko aukera izango du antzerki taldeak; antolatzaileek ordainduko dituzte egonaldia, sormenerako espazioa, baliabide teknikoak, lotarako lekua eta otorduak. Bekaren oinarriek zehazten dutenez, 23.000 euro horiekin ordaindu beharko ditu talde irabazleak atrezzoa eta eszenografiaren gastuak, besteak beste, eta antolatzaileek zehaztutako lau udalerritan antzezlana doan eskaini beharko du. Antzokirik ez duten herri txikietako emanaldien baldintzak, berriz, antolatzaileek eta talde irabazleak adostuko dituzte.

Antzerki Topeketetatik herrietara

Antzezlana 2022ko azaroan Azpeitiko Euskal Topaketetan aurkeztu ondoren, antolatzaileek, gutxienez, beste hamar emanaldi lotuko dituzte. Oinarrietan eskatzen den kontuetako bat da antzezlana antzokietarako zein areto txikietarako moldatzeko modukoa izatea, euskararen arnasguneak diren herri asko txikiak direlako eta antzokirik ez dutelako. Oinarrietan gutxienez hamar emanaldi zehazten badira ere, beka deitu duten hiru erakundeen asmoa da antzezlana ahalik eta herri gehienetara zabaltzea, betiere baldintzak eta egutegia antzerki taldearekin adostuta, haren gaitasunaren eta agendaren arabera.

Antolatzaileek Dinamoa sormen gunearen eta Azpeitiko Udalaren laguntza izan dute oinarriak zehazteko, eta epaimahaian ere kide bana izango dute horiek, Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izendatutako ordezkariekin batera. Hemen irakur daitezke bekaren oinarriak, eta beste lotura honetan eskura daiteke eskaera orria.