Urte eta erdiko geldialdiaren ostean, dantzaleku bilakatuko da berriro Sanagustin kulturgunea

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 20a, 09:00

Izurriak eragindako etenaren ostean, bueltan da Sanagustin Dantzaleku egitasmoa. Larunbatean egingo dute saioa, 22:00etatik aurrera. Maskara jantzita egin beharko da dantza.

2020ko otsailaz geroztik ez da areto dantzen saiorik egin Sanagustin Kulturgunean. Eten luzea izan da, nolanahi ere, izurriak eragindakoa, baina egoera normaltzen ari den honetan, bueltan da Sanagustin Dantzaleku egitasmoa. Hain zuzen ere, larunbatean, urriak 23, areto dantzak egiteko aukera izango da bertan; besteak beste, salsa, bachata, kizomba eta txa-txa-txa doinuak dantzatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek. 22:00etan hasiko da saioa, eta 02:00 aldera arte izango da dantzarako aukera. Hori bai, ezinbestekoa izango da egungo osasun neurriak betetzea, eta, beraz, maskara jantzita egin beharko da dantza.