Errekortarien ikuskizunarekin amaitu dira Zezen Beltz asteburuko ekitaldiak

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 17a, 19:40

Inguruko hainbat errekortarik parte hartu dute arratsaldean zezen plazan egin duten saioan; horietako bat baino gehiago izan dira azpeitiarrak. Erakustaldiarekin, amaitutzat eman dituzte Zezen Beltz asteburuko ekintzak.

Zezen Beltz asteburuari amaiera emateko, errekortarien ikuskizuna izan da arratsaldean zezen plazan. Lau zati izan ditu erakustaldiak: lehenik, uztaiekin aritu dira hainbat errekortari bikoteka; ondoren, neska errekortarien saioa izan da; gero, lau errekortari gazte idisko gazteekin aritu dira; eta amaitzeko, 16 urteko lau errekortari aritu dira bigantxekin.

Saioan parte hartu duten errekortari guztiak ingurukoak izan dira –Zaragozako (Espainia) neska bat izan ezik–; horietako bat baino gehiago azpeitiarrak. Lehen zatian, lau bikote aritu dira: Zuhaitz Roteta asteasuarra eta Inaxio Arin tolosarra, Ander Lizarralde billabonarra eta Joanes Balentziaga azkoitiarra, Xabier Iturralde azpeitiarra eta Josu Valenciano itziartarra eta Eneko Martija eta Urko Arrieta azpeitiarrak. Haien ostean, June Urain azpeitiarra eta Teresa Leonar zaragozarra atera dira zezen plazara. Hirugarren saioan, Iñigo Goikoetxea eta Aitor Zabala tolosarrak, Ander Martinez aretxabaletarra eta Ander Carpintero Txope azpeitiarra aritu dira. Amaitzeko, Mikel Unanue zumaiarra, Oier Jauregi andoaindarra, Oñatz Urbieta itziartarra eta Janitz Arellano azkoitiarra atera dira zezen plazara.