Lagun Onakeko gizonek garaipena erdietsi dute; emakumeek, aldiz, ez

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 17a, 09:54
Lagun Onakeko gizonen eta Ondarroaren arteko neurketako une bat.

Espainiako Hirugarren Mailako taldeak 3 eta 0 irabazi dio Ondarroari. Ohorezko Erregional Mailako emakumeek, berriz, 2 eta 1 galdu dute Hernaniren aurka.

Lagun Onaken talde nagusiek atzo, larunbata, jokatu zituzten ligako neurketak. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Ondarroa hartu zuen etxean, 17:00etan, eta garaipen garrantzitsua erdietsi zuten gizonek; markagailua 3 eta 0 zela amaitu zen neurketa. Ohorezko Erregional Mailako emakumeek, bestalde, Hernaniren aurka neurtu zituzten indarrak Zubipen, 16:00retan hasita, eta ezin izan zuten irabazi partida; 2 eta 1 gailendu ziren aurkariak.

Gizonek partida oso ona eta serioa egin zuten; hasieratik erakutsi zuten aurkariak baino gehiago zirela, eta aukera onak sortu zituzten. Nahiz eta lehen gola sartzea kostatu, Josu Ibarbiaren erdiraketa bat beraien atean sartu zuten Ondarroakoek. Gainera, atsedenaldira joan aurretik, Jagoba Erdoziak bigarrena sartu zuen, eta 2 eta 0 irabazten ari zirela iritsi zen Lagun Onak atsedenaldira. Bigarren zatian, Ondarroak gehiago estutu zuen, baina hala ere, ez zuen gehiegi sufritu Azpeitiko taldeak, eta partidaren bukaeran, Beñat Urangak sartu zuen hirugarrena, penaltiz. Garaipen erosoa lortuta, uneotan, hamar punturekin, hamabigarren postuan da Lagun Onak.

Emakumeek, bestalde, ezin izan zuten irabazi atzokoan. Hemezortzigarren minutuan iritsi zen Hernanikoen lehen gola, eta 35. minutuan bigarrena. 2 eta 0 galtzen ari zirela iritsi ziren atsedenaldira, eta ia partidaren amaierara arte, ez zuten beste golik egin Azpeitiko neskek. Dena den, Larraitz Beobidek lortu zuen baloira atera bidaltzea 85. minutuan, eta horrenbestez, markagailuan 2 eta 1 zela amaitu zen neurketa. Atzoko partida galduta, hamar punturekin, sailkapenaren hirugarren postuan da Lagun Onak.