Talde zuria garaile, 1.700 ikusle inguru bildu dituen Grand Prixean

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 16a, 19:52

Lau talde aritu dira nor baino nor Zezen Beltz elkarteak antolatuta egin duten Grand Prixean. Talde zuria izan da edizio honetako irabazlea. Jende ugari elkartu da zezen plazan, eta umore ona izan da nagusi.

Eguerdiko zezen txikietan ez ezik, arratsaldean ere jendetza elkartu da Zezen Beltz elkarteak antolatutako Grand Prixean. Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, jende ugari animatu da ekitaldia ikustera; antolatzaileek azaldu dutenez, 1.700 ikusle inguru bertaratu dira zezen plazara. Jolas bihurriak eta jendearen umore ona tarteko, giro ezin hobea sortu da.

Zazpina lagunez osatutako lau talde aritu dira nor baino nor zezen plazan: talde zuria, gorria, urdina eta beltza. Partaide guztiak Azpeitiko neska-mutil gazteak izan dira, eta sei jolas egin dituzte: bi zezenekin eta gainontzekoak puzgarriekin nahiz oztopoekin. Batzuk erori egin direla, besteak zezenak harrapatu dituela, barre algara ederrak egin dituzte han bildutako ikus-entzuleek.

Jolas guztiak amaitzean, azken erabakiaren berri eman dute antolatzaileek, eta 27 punturekin, talde txuria izan da edizio honetako irabazlea. Ondoren, 20 punturekin, talde gorria sailkatu da; talde beltzak lortu du hirugarren postua, hamabost punturekin; eta azkenik, hamabi puntu eskuratu ditu talde urdinak. Dena den, haiek jaso dute ikusleen txalo zaparradarik handiena, eta beraz, haiek erdietsi dute talde faboritoa izateko ohorea.

Halako ekintzetan ohikoa den moduan, zezen plazaren kanpoan elkarretaratzea egin dute zenbait lagunek, animaliak aisialdirako erabiltzea salatuz.