Emakume Mahaia indartzeko asmoz, bilera irekia deitu dute urriaren 20rako

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 15a, 17:18
Emakumeen Mahaiko zenbait kide, artxiboko irudi batean.

"Herriko emakumeen ahotsa entzutea, jasotzea eta hori oinarri hartuta, parekidetasun politika eraginkorrak sustatzea" da Emakumeen Mahaiaren xedea. Aurten 20 urte bete ditu, baina taldea sendotzea dute helburu udalak eta mahaiko kideek. Hori dela eta, batzar irekia deitu dute hilaren 20rako. Emakumeen Txokoan jarri dute hitzordua, 17:00etan. 

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak 20 urte bete ditu aurten, eta orain taldea indartzea eta sendotzea dute helburu Azpeitiko Udalak nahiz Emakumeen Mahaiko kideak. "Herriko emakumeen ahotsa entzutea, jasotzea eta hori oinarri hartuta, parekidetasun politika eraginkorrak sustatzea. Horixe da Udaleko Parekidetasun Sailaren eta Emakume Mahaiaren asmo eta helburua", azaldu du erakundeak. Bide horretan jarraitzeko indartu nahi dute Emakumeen Mahaia. Hori dela eta, taldean parte hartu nahi duten emakumeei zuzendutako batzar irekia deitu dute urriaren 20rako. Emakumeen Txokoan jarri dute hitzordua, 17:00etan.

Hitzordu horretan, "elkar ezagutza bultzatzeaz gain", Emakume Mahaiaren eta Emakumeen Txokoaren berri emango dute, horiek ezagutaraztea baita duten xedea. Udalak jakinarazi du bilerara joateko asmoa dutenek aurrez mezu bat bidaltzea komeni dela "antolaketa lanak errazteko". Beraz, batzarrera joan nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera urriaren 18a bitartean.

Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziak adierazi duenez, erronkei aurre egiteko emakume gehiagoren inplikazioa garrantzitsua dela uste dute: “Herriko emakumeen ahotsa da mahaia, eta hori sendotu nahi dugu. Jatorri, sentsibilitate, adin… ezberdinetakoak biltzen gara, baina aurrean ditugun erronka berriei erantzuteko, ezinbestekoa iruditzen zaigu emakume gehiagoren inplikazioa”. "Mahaian, besteak beste,  berdintasun politiken norabidea hausnartzen da, gero udalean proposatu eta abian jartzeko. Horregatik, herriko emakume guztiak gonbidatu ditu Emakume Mahaia eta txokoa ezagutzeko jarritako hitzordura", gaineratu du Arrizabalagak.