Olatz Salvador: "Musikaz gain, kontzertuko atmosfera asko zaintzen saiatzen gara"

Nerea Uranga 2021ko urr. 15a, 16:38

Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990) kontzertua eskainiko du bihar, zapatua, 20:00etan, Soreasu antzokian. Aho uhal, bere bigarren bakarkako lana, aurkeztuko du musikari donostiarrak. Kontzerturako sarrerak eskuragai daude Kulturaz.eus webgunean.

Aho uhal zure azkenengo diskoa aurkeztuko duzu bihar, zapatua, Soreasu antzokian. Urtarrilean kaleratu zenuen lan hori, nolakoa izan da ordutik gaurdainoko ibilbidea?

Pentsatzen jarrita, iruditzen zait igaro dena baino denbora gehiago pasatu dela ordutik; izan ere, denbora gutxian gauza asko egiteko aukera izan dugu, eta egoera zail honetan ere, lortu dugu diskoa aurkeztea. Diskoa atera nuenetik 40tik gora kontzertu eman ditugu, eta hori miraria izan da. Alde batetik, egoera globalagatik pixka bat kezkatuta nago, bizi dugun egoera zail honetan kulturak jaso duen tratuagatik kezkatuta, baita talde asko umezurtz gelditu direlako ere. Bestetik, eskertzen dut guri jotzeko eman zaigun aukera bakoitza, eta kultur programatzaile batzuk kulturari arnas pixka bat ematen jarraitu izana.

Bakarka atera duzun bigarren diskoa da Aho uhal. Zertan desberdintzen da aurrena atera zenuen Zintzilik diskotik?

Azkenean, disko bakoitza bizitzako momentu desberdin baten isla da; Zintzilik-en neure burua islatuta dago, baina bigarren lana [Aho uhal] nire bizi momentutik gertuago ikusten dut. Desberdintasun objetibo eta nagusiak, berriz, musikariak desberdinak direla da, eta musikari bakoitzak bere estilo propioa dauka, eta hori  ere nabaritzen da Aho uhal lanean. Disko hori, gainera, beste estudio batean grabatu genuen, eta soinuaren ikuspegia aldatu egiten du horrek, eta horri guztiari gehitu behar zaio Pablo Novoa musikari eta ekoizlearekin lan egiteko aukera izan dugula azken lan honetan, eta hark ere ekarpen asko egin ditu.

Hamabi abestiz osatutako lana da Aho uhal. Abesti horiek jotzen al dituzu kontzertuan?

Azkenengo diskoak badauka protagonismoa, baina Zintzilik laneko abesti esanguratsuenak ere jotzen ditugu. Nahasketa bat egiten dugu.

Soreasuko kontzertura joaten denak zer aurkituko du?

Musikaz gain, kontzertuko atmosfera asko zaintzen saiatu gara, badago eszenografia bat, badago argiztapen zehatz bat. Hau da, jendeari esperientzia bat edo bidaia bat egiteko aukera eskaintzen saiatzen gara; hori da, behintzat, guk lortu nahiko genukeena, nahiz eta gero bakoitzak bere esperientzia propioa edukiko duen. Musikaren bitartez jendea beste norabaitera garraiatzen saiatzen gara gu. Orain arteko kontzertuetan jendeak pila bat eskertu du kontzertura joan izana; fase desberdin asko izan dira denbora gutxian, baina jendeak bazuen kulturarekin lotuta egoteko beharra.

Ez da Azpeitira kontzertua ematera etorriko zaren aurreneko aldia, aurretik ere etorrita zaude.

Bakarlari gisa Sanagustin kulturgunean jo nuen, Nogen taldearekin batera. Hasieran, bertigo puntu bat eman zigun, ordura arte ez nuelako bakarrik jo horrelako leku handi batean. Kontzertuan, baina, jende asko egotearen sentsazioarekin eta oso babestuta sentitu ginen.

Kasu honetan, Soreasu antzokian joko duzu. Ezagutzen al duzu?

Bai eta kriston antzokia iruditzen zait, bai teknikoki eta bai handia delako. Horrelakoetan aretoa betetzera iritsiko den edota oso hutsik geratuko den beldurra izaten dugu; hori, ordea, azken momentura arte ez dugu jakingo.

Hamar urte inguru daramatzazu musika munduan: Skakeitan taldearekin hasi zinen, eta azken urte hauetan bakarlari gisa ere bazabiltza. Nolakoa izan da ibilbidea?

Skakeitanen jarraitzen dut, baina egoera honetan oso zaila egin zaigu kontzertuak ematea, eta hor bai antzemango dugula orain datorren aldaketa, eta espero dut lehengo normaltasunera bueltatzea benetan, badago eta beharra. Skakeitanen kantuak askoz erritmikoagoak eta dantzagarriagoak dira, eta benetan faltan botatzen duguna jendea dantzan ikustea da. Taldean edota bakarlari aritzea bi ibilbide oso desberdin dira. Talde batek gauza asko ematen ditu, eta esperientzia oso onak bizi izan ditugu Skakeitanekin; musikari gisa pila bat ikasi dut, eta ez nuke ezerregatik aldatuko esperientzia hori guztia. Bakarkako bidea, berriz, ia-ia oharkabean hasi nuen: publiko txiki batentzako gordeta neuzkan eta erakutsi nahi nituen abesti batzuk jotzen hasi nintzen. Orduan, ezin nuen imajinatu ere egin horrek noraino eramango ninduen gero, eta guztiz desberdina den beste bide bat da. Bakarkako nire proiektuarekin askoz ageriagoa bilakatu naiz, eta alde horretatik, horrek ere badu bere alde ona eta txarra. Dena den, bi bideak desberdinak izanda ere, biak pasio handiz bizi ditut, eta bakoitzak bere ekarpena egiten dit.