Organoaren doinuak, zikloaren bestaldetik

Esteban Elizondo organo jotzailea, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, duela urte batzuk. (Luis IbaƱez)

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Zikloa urriaren lehen astean hasi zen, Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran; Esteban Elizondok lehen aldia du antolakuntzatik kanpo. "Mentalizatuta eta lasai" utzi du postua, "errelebo ona" lagata. Anartz Izagirrek 'Gipuzkoako Hitza'-rako egindako erreportajea da honakoa.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Zikloa erdibidera iritsi da aste honetan, eta egunotako eta datorren asteko kontzertuek borobilduko dute aurtengo egitarau oparoa Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran. Esteban Elizondo (Donostia, 1945) organo jotzailearentzat bereziki ezohikoa izaten ari da aurtengo jaialdia, lehen urtea baitu antolakuntzatik kanpo. "Oso mentalizatuta eta lasai" dagoela adierazi du donostiarrak, eta erreleboa "esku onetan" utzi duela azpimarratu du: "Nire emazteari esan nion 75 urte betetzen nituenean utzi egingo niola zikloa antolatzeari. Gazteei bidea egiten laga nahi nien; gainera, nire adinean edozer gauza gerta liteke, eta ez nuke nahi zikloa kolokan uzterik edozer gertatuta ere".

Gipuzkoako Organoaren Lagunak elkarteko hainbat kidek antolatu dute aurten kontzertuen egitaraua, Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalekin batera. Azpeitian egin zuten aurkezpena, eta, hartan, hiru udaletako ordezkariek oroigarri bat eman zioten Elizondori, urte hauetan guztietan egindako lana goraipatzeko. "Ez nuen asmorik aurkezpenera joateko, ez bainuen nahi jaialdiari protagonismorik kentzerik. Baina joateko erregutu zidaten denek, oroigarria emateko", azaldu du.

Musikari "oso gipuzkoarra"

Organo Erromantikoaren Nazioarteko lehen zikloa egiteko proposamena Azkoitiko eta Bergarako udaletako Kultur zinegotzien eskutik heldu zitzaion Elizondori. "Oso harreman ona nuen Iñigo Alberdirekin eta Asier Aranbarrirekin. Haiek egin zidaten zikloa gidatzeko proposamena, eta baldintza bakarra jarri nien: musu truk egitea. Onartu egin zuten, eta halaxe hasi nintzen lanean". Halere, organoarekiko duen interesa "askoz lehenagotik" datorkio: "Betidanik axola izan zait Gipuzkoako organoen ondarea. Lurraldean ditugun instrumentuen maila ikaragarria da, eta ez naiz esajeratzen ari".

Azkoitiko, Bergarako eta Loiolako organoak "bakarrak" direla ziurtatu du Elizondok. "Eta mundu osotik etortzen dira horiek ezagutzera eta jotzera. Beraz, zikloa hasi aurretik ere sarri joaten nintzen herri horietara. Donostiar oso gipuzkoarra naizela esaten dut beti". Aristide Cavaille-Coll frantziarrak egindako instrumentuak dira Azkoitiko eta Loiolako organoak; Bergarakoa, berriz, Eugene eta Edouard Stoltz frantziarrek egina da.

Zikloaren lehen edizioa ondo gogoan du donostiarrak: "Aulkiak korura igotzen genituen orduan, jendeak ez baitzuen ohiturarik kontzertuetara joateko. Gainera, musika piezen inguruko azalpenak ematen genizkien entzuleei". Saioak antolatzeko zailtasunak ere aipatu ditu, elizetako egunerokoak askotan zaildu egiten zuelako kontzertuen antolakuntza: "Elizak ez dira kontzertu aretoak, eta antolatzaile moduan gauzak ahalik eta ondoen eginda ere, batzuetan oso zaila da emanaldiak antolatzea; hiletek, sakristauaren eguneroko zereginek, liturgiak… gauzak konplikatu egiten dituzte". Donostiarrak hainbat bidelagun izan ditu prestakuntzan: "Gauzak konpondu ahal izan ditut urte hauetan guztietan, besteak beste Jose Luis Frantsesenari, Itziar Urbietari eta Mari Jose Etxebarriari esker. Horiek gabe ezingo nukeen aurrera atera zikloa".

Oraindik zikloari lotuta

Zikloa prestatzen ez bada ere, Elizondok entzule moduan parte hartzeko asmoa du aurten eta aurrerago ere: "Karol Mossakowskiren kontzertua entzutera joango naiz Loiolara, eta beste batzuetara ere bai. Aurtengo egitaraua askotarikoa dela iruditzen zait, oso maila handikoa".

Irakurri erreportajea osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide