Azaroaren 2ra arte eskatu ahal izango dira sustapen ekonomikorako udal dirulaguntzak

Julene Frantzesena 2021ko urr. 18a, 09:20
Enpresa bateko makinen irudia. (Azpeitiko Udala)

Herriko ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko xedez, 500.000 euroko laguntzak emango ditu udalak aurten. Zehazki, herriko askotariko sektoreetara bideratutako laguntzak dira eska daitezkeenak: lehen sektorea eta zerbitzuak; industria proiektu estrategikoak eta berritzaileak; ekintzailetasuna; eta azpeitiarren kontratazioak.

Joan zen apirilaz geroztik zabalik da sustapen ekonomikorako dirulaguntzak eskatzeko epea, eta herritarrek azaroaren 2ra arte izango dute horretarako aukera. Herriko ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko xedez, 500.000 euroko laguntzak emango ditu udalak aurten. Zehazki, herriko askotariko sektoreetara bideratutako laguntzak dira eska daitezkeenak: lehen sektorea eta zerbitzuak; industria proiektu estrategikoak eta berritzaileak; ekintzailetasuna; eta azpeitiarren kontratazioak. Dirulaguntzak eskatzeko laguntza behar duten ekintzaileek nahiz enpresek Iraurgi Berritzen garapen agentziara jo dezakete. 

Aurtengo laguntzak lau lerro nagusitan bereizi ditu udalak. Honako hauek dira lerro horiek:

  • Lehen sektorerako eta zerbitzuetarako laguntzak. Pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreak direla iritzita, lerro honetara bideratuko du diru kopururik handiena: 200.000 euro, aurreko urteetakoaren bikoitza. Batetik, lehiakortasuna hobetzeko proiektuak lagunduko ditu: lokalak handitu edo berritzeko inbertsioak, negozio lerro berriak sortzea, proiektu berriak merkaturatzea eta abar. Bestetik, digitalizaziorako tresnak ezartzeko eta mantentzeko proiektuak. Hor sartzen dira webguneak sortzea eta berritzeak, sare sozialen kudeaketak, online salmentarako tresnak ezartzeak, ekipamendu informatiko berritzeak eta aurten, bereziki, Ticket Bai sistema ezartzeak sor ditzakeen gastuak. Horiez gain, merkatu azterketak egitea, negozioen eskualdaketak eta antzerakoak gauzatzeko laguntzak emango ditu. Eta azkenik, COVID-19ak sortutako ondorio zuzenak arintze aldera, protokoloak betetzeko egindako inbertsioak lagunduko ditu eta alokairuko gastuei aurre egiteko laguntzak emango ditu. 

  • Industria proiektu estrategikoak edo berritzaileak sustatzeko laguntzak. 160.000 euro bideratu ditu lerro honetara. Besteak beste, enpresen dibertsifikazioa helburu duten digitalizaziorako proiektuak; instalazioetan, eraikinetan eta ekipamendu tekniko eta teknologikoetan egindako inbertsio handiak; energia berriztagarrien autokontsumorako egiten diren instalazio berriak; enpresa berrien irekierak; genero berdintasun planak; eta instalazioak emakumeentzat egokitzeko egindako inbertsioak lagunduko ditu udalak.

  • Ekintzailetasuna. 65.000 euro bideratuko ditu. Ideia berriak abian jarri nahi dituzten autonomo eta ekintzaile berriei urtebeteko autonomoen kuota ordainduko die udalak. Bereziki bultzatuko ditu ekonomia sozialarekin duen loturagatik herriarentzat interesgarritzat jotzen diren proiektuak.

  • Azpeitiarren kontratazioak. 75.000 euro bideratuko ditu. Era guztietako kontratazioak lagunduko ditu, aldi baterakoak zein mugagabeak. Kontratu motaren arabera, kontratatutako langile bakoitzeko 500 eta 2.000 euro arteko laguntza jasoko du kontratatzaileak. Hori bai, enpresak Azpeitikoa izan beharko du eta enplegatutako pertsonak azpeitiarra edo Azpeitian erroldatuko langabea. Bereziko lagunduko du 45 urtetik gorako emakumeen kontratazioa.