Helduei zuzendutako kultur aisialdiari buruzko ikastaroa antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 15a, 09:00
Ikastaroaren sustatzaileak. (Azpeitiko Udala)

Zahartze aktiboa sustatzeko xedez antolatu dute ikastaroa. Saioak datorren astean hasiko dira eta ekainera arte egingo dituzte. Orain arte Helduen Eskolan eskaintzen zuten kultur aisialdiari lotutako programa, baina han ez zutela eskainiko eta, herritar talde batek udalera jo zuen eskaera egitera.

Zahartze aktiboa bultzatzeko, helduei zuzendutako kultur aisialdiari buruzko ikastaro bat antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak. Herritar batzuen eskariz antolatu dute ikastaroa, eta datorren astean hasi eta ekainean bukatuko dira saioak. Aisialdirako aukerak eskaintzeaz gain, parte-hartzaileak kultur eta gaurkotasun gaietara hurbilduko dira literaturaren, artearen, musikaren eta historiaren bidez. Ikastaroaren antolatzaileek azaldu dutenez, pertsona orori irekitako hezkuntza gunea izango da ikastaroa. "Esperientzia trukeak nahiz zentzu kritikoa eta parte-hartzailea sustatuz, garapen pertsonalerako eta bizialdi osoko ikaskuntzarako beharrezkoak diren baliabideak eta tresnak errazteko gunea izango da". 

Orain arte herrian zegoen ikastaro eskaintzari eusteko xedez antolatu dute ikastaroa udalak eta Deustuko Unibetsitateak; izan ere, oraintsu arte Helduen Eskolan eskaini izan dute kultur aisialdiari buruzko programa, baina ikasturte honetan ez dute emango. Horren aurrean, herritar talde batek udalera jo zuen ikastaroa antolatzeko eskaera egitera. Udalak azaldu duenez, ikastaroa mantentzeko ahalegina egin du. "Adineko gero eta aktiboak ditugu herrian, eta adinean gora egin ahala, gizarte sareak mantendu eta gorputza zein burua aktibo izatea gero garrantzitsuagoa da. Ikastaro honen bidez, adinekoentzako dugun eskaintza mantentzea nahi dugu", zehaztu du Leire Goenaga Gizarte batzordeburuak.