Gasteizko hilketa salatu du Urola Erdiko Itaiak plazan

Andoni Elduaien 2021ko urr. 13a, 19:51
Plazan egin duten elkarretaratzeko irudi bat. (Argazkia: Maialen Etxaniz)

Itaiak deitu du elkarretaratzea, eta han bildutako herritarrek Gasteizko Sansomendi auzoan atzo izan zen hilketa gaitzetsi dute. Sareak, era berean, azpimarratu du horrelako kasuen aurrean "erantzun eraginkorrak" garatzea ezinbesteko lana dela.

Gizon batek neska laguna hil zuen atzo Gasteizen, eta hilketa hori salatzeko elkarretaratze isila egin du arratsaldean Urola Erdiko Itaiak, Azpeitiko plazan. Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean egin dute kontzentrazioa, eta plazan bildutako herritarrek "guztiz gaitzetsi" eta "gogor" salatu dute Sansomendiko gertakaria.

"Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betez kultur araua bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du, eta ondorioz, emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz", azaldu dute sareko kideek plaza egindako irakurketan.

Horren aurrean, Itaiak nabarmendu du "ezinbesteko lana" dela indarkeria matxista gainditzeko "erantzun eraginkorrak" garatzea. "Emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak eta sozialak garatu behar ditugu". Urola Erdiko Itaiak eginkizun horretan jarraitzeko "konpromiso osoa" dutela azaldu, eta "gaitasun politikoak antolatzen" jarraituko dutela azpimarratu du sareak.