Azpeitiko zortzi dantzari lehiatuko dira Euskal Herriko 45. Dantza Txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko urr. 14a, 08:45
Iazko txapelketako irudi bat (Argazkia: Goierriko Hitza)

Guztira, hamabost bikotek eman dute izena txapelketan aritzeko, eta 30 dantzarietatik zortzi izango dira aurten azpeitiarrak. Larunbatean, 18:00etan hasita jokatuko dute txapelketa, Segurako Baratze pilotalekuan.

Larunbatean jokatuko da Euskal Herriko 45. Dantza Txapelketa Seguran (Gipuzkoa). Hamabost bikote ariko dira nor baino nor lehian, eta han izango dira Azpeitiko zortzi dantzari. Hiru bikote azpeitiarrek osatutakoak izango dira: Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun nahiz Elaia Elorza eta German Aranburu. Beste bi dantzari azpeitiar, berriz, bi dantzari azkoitiarrekin batera arituko dira; Enara Arrizabalaga Iker Sarasuarekin eta June Elorza Eneko Sarasuarekin.

Saioa 18:00etan hasita egingo dute, Segurako Baratze pilotalekuan. Dantzariek fandangoa dantzatu beharko dute txistuz eta albokaz lagunduta; arin-arina, aldiz, trikitiarekin dantzatuko dute. Urtero legez, hainbat sari banatuko dute: Segurako Udalaren sari nagusia, bigarren saria, hirugarren saria, Guillermo Areizaga sari berezia –lehen aldiz aurkezten direnen artean–, jantzi onenaren saria, herriko bikote onenaren saria eta lurraldeetako bikote onenen sariak.

Honako dantzari hauek parte hartuko dute aurtengo txapelketan:

  • Xabi Dupuy eta Xanti Eyherabide (Beskoitze)
  • Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)
  • Irati Olaizola eta Idoia Narbaiza (Legazpi)
  • June Elorza eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)
  • Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza (Azpeitia)
  • Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara)
  • Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia)
  • Amaia Apezetxea eta Idoia Salha (Hendaia-Donibane Lohitzune)
  • Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo)
  • Marie Feyri eta Battitt Etchart (Bidart-Bidarrai)
  • Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun)
  • Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo-Sopela)
  • Oihana Betelu eta Pierre Latasa (Baiona-Urruña)
  • Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia)
  • Oihana Dottax eta Antton Barcos (Ainhoa-Beskoitze)