39. Euskal Antzerki Topaketak

Iñaki Ziarrusta: "Gizakiaren historiako aldaketa asko belaunaldien arteko talkari esker gertatu dira"

Julene Frantzesena 2021ko urr. 15a, 10:45
Iñaki Ziarrusta Atx Teatroko zuzendaria. (Hiruka)

Gaur, ostirala, aurkeztuko dituzte 39. Euskal Antzerki Topaketak. Modu berezian iragarriko dituzte; izan ere, Atx Teatroak Lubaki lainotsua lana aurkeztuko du Soreasu antzokian (19:00). Iñaki Ziarrusta (Bilbo, 1974) da obraren zuzendaria, eta Uztarria.eus-ek harekin hitz egin du estreinaldiaren atarian.

Zeintzuk dira antzezlanaren osagai nagusiak?

Lubaki bat, soldadu zahar bat, postari gazte bat eta hildako bat. Eta bien bitartean guztia hankaz gora jarriko duen bizitza aldaketa bat. 

Belaunaldien arteko talkak duen garrantziaz jabetzea da antzerki obraren helburua. Zergatik gai hori?

Atx Teatroak egin dituen ikuskizun guztien gaiak gure esperientzia pertsonaletik eratorritako hausnarketak dira; kasu honetan ere bai. Nik 17 urteko semea daukat, eta harekin bizi izandako gaizki ulertuetatik, enpatietatik, gauza batzuk azaltzeko zailtasunetatik eta elkar ulertzeetatik etorri da gaia. Gizakiaren historiari erreparatuz gero, aldaketa asko, besteak beste, belaunaldien arteko talkari esker gertatu direla konturatzen zara.

Lubaki lainotsua jarri diozue izena lanari. Zergatik?

Ez dauka arrazoi konplikaturik. Ikuskizuna gerra baten giroan kokatzen dugu fisikoki, lubaki batean, hain zuzen ere, baina neurri batean ematen du lubaki hori ez dagoela oso definituta, errealitatearen eta fantasiaren arteko zeozer da, eta hortik dator lainotsua adiera.

Hiru aktore izango dira agertokian. Zer rol du bakoitzak?

Javier Barandiaranek belaunaldi zaharraren ideia jorratzen du, militar bat da. Maren Basterretxea postaria izango da, lubakia hankaz gora jarriko duen pertsonaia. Eta Mirian K. Martxante lubakian dagoen hildakoa da, nolabait bitartekaritza lana egingo duena.

Sormen egonaldia egin duzue Azpeitian. Zer moduz?

Bikain. Azpeitiko Kulturaz kooperatibak eta udalak urte asko daramatzate sorkuntza kontzeptua oso ondo barneratuta. Badakite zer behar den, zergatik eta nola lortu daitekeen. Euskal Herrian ez daude sorkuntza lan baldintza horietan egin daitezkeen leku asko.

Azpeitian estreinatuko duzue, gainera, obra. Zer dela eta?

Horrela suertatu da. Guk oso gustuko dugu udazkenaren hasieran estreinatzea gure ikuskizunak, eta Azpeitian Antzerki Topaketak begi bistan direnez, aitzakia ona zen lana bertan estreinatzeko. Aitortu behar dugu oso harreman ona daukagula betidanik Kulturaz kooperatibakoekin.

Hamar urte bete ditu Atx teatroak, eta hamargarren antzezlana da Lubaki lainotsua. Berezia izan al da lan hori sortzea?

Egia esateko, lanean sartzen zarenean, amaren urtebetetze eguna ere erraz ahatz dezakezu; izan ere, hain gaude lanean murgilduta, non denbora eta espazioa dilatatu eta estutu egiten diren. Ez dugu denbora handirik izan horretaz kontzientzia hartzeko.

Euskarazko sorkuntza da zuen taldearen muina. Zergatik?

Bizi erabakia da; hau da, nik nire bizitza pertsonalean aspaldi hartutako erabaki linguistiko-kultural-politikoa izan zen. Beraz Atx Teatroa sortu nuenean, erabaki hori antzerkian ere txertatu egin zen naturaltasunez.

Estreinatzear duzue azken lana. Nola zaudete?

Ezohikoa den gauza bat sentitzen dugu sortzaile moduan. Orain arte, sekula ez gara estututa iritsi estreinaldi batera, eta espero dut horrela izaten jarraitzea. Oso ondo gaude, lana estreinatzeko gogoarekin eta publikoarekin probatzeko irrikaz.