Partida ona jokatu arren, Lagun Onakeko gizonek ezin izan dute irabazi

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 13a, 11:35
Lagun Onakek eta Beasainek asteburuan jokatutako partidako une bat. (Mailo Oiarzabal)

Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Alaves B-ren aurka jokatu zuen atzo, etxetik kanpo. 3 eta 1 gailendu zen Gasteizko taldea. Sailkapenaren hemezortzigarren postuan da Lagun Onak.

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak ligako neurketa jokatu zuen atzo, asteartea, Alaves B taldearen aurka, Gasteizen. Partida oso ona jokatu zuen Azpeitiko taldeak, baina beste behin, ezin izan zuen garaipenik erdietsi; 3 eta 1 gailendu ziren aurkariak. Zazpi punturekin, sailkapenaren hemezortzigarren postuan da Lagun Onak, jaitsiera postuetan.

Lehen zatian oso ondo aritu zen Lagun Onak; goian presioa sortu zuten, aurkariak harrituz. Pare bat aukera izan zituen Azpeitiko taldeak, baina ez zuten golik sartu lehen 45 minutuetan; horrenbestez, hutsean berdinduta iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatiari ekitean, lehen ordu laurdenean ondo aritu ziren, baina hortik aurrera, fisikoki gehiago zirela erakutsi zuten aurkariek. Korner baten bidez sartu zuen Alaves B-k aurreneko gola, eta ondoren etorri ziren bigarrena eta hirugarrena, biak atzeko akatsen ondorioz. Bata bestearen atzetik sartu zizkien hiru golak, eta geroago iritsi zen Lagun Onaken lehen gola; Xabi Geretak bidali zuen baloia atera. Lagun Onakek amaierara arte borrokatu zuen, baina ez zen posible izan beste golik egitea.

Larunbatean jokatuko du Lagun Onakek hurrengo norgehiagoka, Ondarroaren aurka, etxean. Sailkapeneko azken postuetatik ateratzeko partida garrantzitsua izango da.