Oier Ibarguren: "Txirrindularitzatik bizi nahi nuen, baina ikusi dut ezin dudala"

Bizikletaren gainean urteak eman ostean, txirrindularitza utzi du Oier Ibargurenek. Profesionaletara salto egiteko aukerarik izan ez duelako hartu du erabakia. Azken sasoia "oso txarra" izan dela dio.

5 urterekin piztu zitzaion bizikletarekiko "harra" Oier Ibargureni (Azpeitia, 1997), lehengusuaren afizioak liluratuta. 12-13 urterekin eman zituen lehen pausoak txirrindularitzan, eta azken urteak pedalei eraginez igaro ostean, 24 urterekin erretiratzea erabaki du. Caja Rural taldean egin ditu azken bi urteak. "Pena" dauka "dena" eman dion kirola albo batera utzi duelako, baina asmatuko du zer egin: "Tabernan lan egin, goizetan perretxikotara joan... Ederki nabil".

Zergatik erabaki duzu txirrindularitza uztea?

24 urtera iritsi naiz jada, eta ez nuen ikusten profesionaletara salto egiteko aukerarik; horregatik erabaki dut uztea. Urte asko daramatzat txirrindularitzan, eta bizitza normal bat egiteko garaia iritsi zaidala iruditzen zait: lanean hasi, lagunekin beste era batera gozatu...

Bizikletatik bizitzea ezinezkoa izango duzula ikusi al duzu?

Bai, hori da. Taldeak ez zidan horretarako aukerarik ematen. Nik hortik bizi nahi nuen, baina ikusi dut ezin dudala, eta beste zerbait egin beharra dago mundu honetan.

Pena izango duzu, ezta?

Bai. Pare bat aste-edo pasatu dira denboraldia amaitu genuenetik, eta jada pixka bat onartu dut. Baina Extremaduran [Espainia] jokatu nuen azken lasterketa, eta handik etxera bueltan nentorrela... Tristeena horixe izan zen. "Hemen bukatu duk ibilbidea, eta etxera iristea besterik ez zaik geratzen", esan nion neure buruari. Horixe izan zen txarrena.

Beraz, ari zara egoera berrira moldatzen.

Bai. Gainera, lanean hasi naiz, taberna batean zerbitzari, eta gustura ari naiz. Saltsa polita izaten dugu tabernan. Beste mundu bat da mostradorearen atzekoa, baina bizikletan ibiltzen jarraitzeko aukera ematen dit lan horrek. Normalean arratsaldez lan egiten dut, eta goizak aprobetxatu ohi ditut bizikletarekin buelta bat emateko, perretxikotara ere joaten naiz...

Argi dago ez zarela etxean geldirik egoteko horietakoa.

Ez, etxean amarekin haserretu egiten naiz [barreak].

Caja Rural taldean egin duzu azken sasoia. Zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Balorazio orokor bat egiteko, oso txarra. Alergiarekin oso gaizki pasatu dut aurten; asmak eragiten zidan, eta errendimendua asko jaisten zitzaidan. Agian, 120 kilometroko lasterketa bat egin behar nuen, eta 30. kilometrora iristerako ezin nuen jarraitu. Gaizki ibili naiz. Horrez gain, taldean ez naiz oso ondo sentitu; taldeak ondo tratatu ez nauen sentipenarekin gelditu naiz. Denboraldirako helburu batzuk jarri nizkion neure buruari, eta proba horietarako prestatzen nintzen, baina agian taldeak deialditik kanpo uzten ninduen. Beste batzuetan, berriz, ondo ez nengoela eta lasterketetara ez eramateko eskatzen nien, baina joan egin behar nuela esaten zidaten. Ez dut harreman ona izan taldearekin.

Harreman horrek ere eragina izan al du txirrindularitza uzteko erabakian?

Ez, irteerarik ez dudalako ikusi hartu dut erabakia, baina motibazioan asko eragin dit taldearekiko harremanak.

2019an egindako elkarrizketa batean esan zenuen, profesionaletara jauzi egitea lortzen ez bazenuen, bizikleta utziko zenuela. Beste bi urtez jarraitu duzu, hala ere. Zergatik?

Egia esan, ez dakit. Profesionaletara salto egiteko aukera ikusten nuen. Ondo nenbilen, eta zera pentsatzen nuen: "Aurten ez dut lortu, eta ea hurrengo urtean lortzen dudan". Gustura ibili naiz, eta azkenean, uste baino gehiago jarraitu dut. Eta ez da nire kontua bakarrik izan, denek esperantzak zituzten nirekin. Tabernan, adibidez, aitonak-eta ardoa edatera etortzen direnean, galdetzen didate: "Hi, bizikletan zer moduz?". Askotan nik baino ilusio handiagoa izaten dute, eta horrek ere bultzatu egin nau. Orain hasi horiei denei azaltzen utzi egin dudala... Eskerrak elkarrizketa hau irakurriko duten.

Profesionaletara salto egin ez arren, zenbait probatan parte hartu izan duzu haiekin.

Bai. Aurten, adibidez, Espainiako Txapelketan parte hartu dut, eta iaz ere lehiatu nintzen, stagiaire gisa; hau da, lehen taldearekin aritu nintzen, probatzeko. Dena den, ez dute nahi izan ni profesionaletara pasatzea. Halako erabakiak hartzen dituen pertsona bat dago taldean, eta ez nau nahi izan. Talde batera joaten zarenean, beste denak alde batera uzten dituzu; ni Caja Ruralekin arriskatu nintzen, eta ez zait ondo atera. Agian, beste talderen batean arituz gero, izango nukeen profesionaletan aritzeko aukera.

Arantza horrekin geldituko al zara?

Egia esan, bai. Adibidez, Fundacion Euskadi oso talde ona iruditzen zait, baina Caja Ruralen aukera etorri zitzaidan lehenengo, eta...

Hainbeste urtean bizikletaren gainean ibili ostean, zer harreman izango duzu txirrindularitzarekin aurrerantzean?

Uste dut fenomeno moldatuko naizela bizikletarekin. Beti bizikletan ibiltzen naiz. Beno, orain iluntzeetan ibiltzeari utzi behar diot; izan ere, aurrekoan udaltzainak gelditu ninduen gauez argirik gabe nindoalako. Sekulakoa egin nuen. Horregatik, orain iluntzeetan autoan ibiltzen hasiko naiz. Baina, bestela, uste dut egunero ibiliko naizela bizikletan. Azkenean, ia ez dakit beste ezer egiten. Bizikletak dena eman dit niri, eta uste dut zorretan nagoela. Gazte jende asko dago Azpeitian bizikletan ibiltzen dena, eta horiei babesa ematea nahi dut orain.

Ez al duzu pentsatu entrenatzaile-edo aritzea?

Entrenatzaile zarenean, erreferente izatera pasatzen zara, eta ni ez nintzateke erreferente ona izango.

Zergatik?

Aldrebes samarra naizelako. Baina babesa eman dezakedan neurrian, zerbait egitea nahi dut, eta saiatuko naiz Lagun Onak txirrindulari elkartean pixka bat laguntzen.

Hainbat eta hainbat ordu eman dituzu bizikletaren gainean entrenatzen. Asmatuko al duzu zer egin orain?

Goi mailako heziketa ziklo bat daukat ikasita, mantentze lanei lotutakoa, baina neure burua ez dut ikusten tailer batean sartuta. Tabernan ere, bertara etortzen diren aitona denak aztoratzen ditut, eta... Aurtengo urtean taberna eta bizikleta uztartuko ditut, eta ea hurrengo urtean zerbait ikasten hasten naizen; asmoa badut, baina oraindik ez dakit zer.

Frantziako Tourraren kronikak egiten aritu zinen udan Uztarrian. Zer moduzko esperientzia izan zen hura?

Ederra izan zen. Zenbat eta astakeria handiagoa esan, orduan eta audientzia handiagoa lortzen nuen. Hasieran zera pentsatu nuen: "Leku ederrean sartu nauk". Baina, azkenerako, gozatu egin nuen. Kalera ateratzen nintzen, eta jendeak esaten zidan: "Oier, nik ez dut jarraitzen txirrindularitza, baina zure bideoak ikusten oso ondo pasatzen dut".

Zer eman dizu bizikletak?

Disgustu pila galanta: duela urtebete, adibidez, kamioi batek jo ninduen Getarian; askotan gelditu izan naiz balaztarik gabe... Baina poz asko ere eman dizkit: sekulako lagun pila egin dut urteotan; mundu osoan dauzkat lagunak, oporretara joateko aitzakia ederra. Oroitzapen ederrak utziko dizkit txirrindularitzak. Orain, gazteak animatu nahi ditut bizikletan ibiltzera, kirol polita baita. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiet urteotan babestu nauten guztiei.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide