Urrutia IIak eta Larrañagak nahiz Ansa II.ak eta Martiarenak erraztasunez irabazi dute

Julene Frantzesena 2021ko urr. 12a, 09:53

Ardozaleak eta Zokoa soziedadeak ordezkatzen dituzten erremontistek lortu zituzten garaipenak zapatuan Izarraitz pilotalekuan jokatutako neurketetan. Larunbat honetan izango da Azpeitiko Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldia.

Azpeitiko Erremonte Txapelketaren lehen jardunaldia izan zen zapatuan. Lehen neurketan Segurolak eta Aizpuru III.ak (Inpernue)  Urrutia II.a eta Larrañaga (Ardozaleak) izan zituzten aurrez aurre. Aizpuru III.ak, baina, min hartu zuen, eta ondorioz, 11 eta 40 bukatu zen partida. Izan ere, partida utzi behar izan zuen azpeitiarrak. 14 eta 11 zegoen markagailua, baina jokatzen jarraitzerik ez zuenez, 40 eta 11 amaitu zen norgehiagoka.

Bigarren partidan, berriz, Ansa II.ak eta Martiarenak (Zokoa) Goikoetxea V.aren eta Zubiriren (Gure Ametsa) kontra neurtu zituzten indarrak. Ansa II.ak partida oso ona egin zuen; 23 tanto egin zituen. Goikoetxea V.ak eta Zubirik ezin izan zuten ezer egin, eta hala bukatu zen partida, 40 eta 17.

Izarraitz pilotalekuan giro bikaina izan zen zapatu gauean, eta larunbat honetan izango da bigarren zita. Zehazki, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak Segurolaren eta Aizpuru III.aren kontra jokatuko dute lehen norgehiagoka. Bigarrenean, berriz, Urriza eta Labaka Goikoetxea V.aren eta Zubiriren kontra ariko dira.