Labari iheska, bi azpeitiar

Anartz Izagirre 2021ko urr. 12a, 10:00
Xabier Arrizabalaga eta GarbiƱe Umerez, Cumbre Vieja sumendiari begira (Utzitakoa)

Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa bertatik bertara ikusi zuten Xabier Arrizabalagak eta Garbiñe Umerezek. La Palmara joan ziren bisitan, eta ezohiko bizipen batekin bueltatu ziren etxera. Bestalde, Ainhoa Alonso geologo azpeitiarrak Cumbre Viejako erupzioaren inguruko xehetasunak eman ditu.

La Palma uhartean (Kanariak, Espainia) Cumbre Vieja sumendia lehertu zenetik ia hilabete igaro da, eta azken astean, nazioarteko hedabide guztien arreta erakarri du gertaera natural horrek. Azkenengoz, duela 50 urte lehertu zen uharte horretan sumendi bat, Teneguia deiturikoa hain justu, eta bost hamarkada geroago, ezustean harrapatu ditu sumendiaren eztandak eta hark eragindako albo kalteek palmatarrak nahiz uhartea bisitatzen ari ziren bisitariak. Erupzioa gertatu zen unean bertan zeuden Xabier Arrizabalaga eta Garbiñe Umerez azpeitiarrak, eta gertu-gertutik bizi izan zuten une historiko hura.

Irailaren 11n heldu zen Azpeitiko bikotea La Palma uhartera, eta hilaren 19ra bitartean —sumendiak eztanda egin zuen eguna—, uharte osoa bisitatzeko aukera izan zuten. Gainera, Cumbre Viejaren inguruan sumendia lehertu aurreko egunean "lasai" ibili ahal izan zutela diote. Irlara heldu zirenean mugimendu sismikoen berri izan zuten azpeitiarrek: "Esan ziguten magma 20 kilometrotara zegoela, eta egunak pasatu ahala, kilometro batera gerturatu zen. Igandean Roque de los Muchachosetik Tazacorteraino egin genuen mendi ibilbidea, eta han konturatu ginen sumendiak eztanda egin zuela", azaldu du Arrizabalagak. "Handik dena ikusten zen. Esan ziguten adituek jendea ebakuatzen hasi nahi zutela, baina politikoak zain zeudela oraindik. Bazekiten zein gunetan lehertuko zen sumendia, baina ez zuten aurreikusten Todoque herrira iritsiko zenik. Laino txuri bat ikusten zen mendiaren gainean, baina ikusten zen ez zela hodei normala", azaldu du Umerezek.

Azpeitiarrek Timeko begiratokitik ikusi zuten sumendia lehertzen; uhartearen mendebaldean dago leku hori, eta Cumbre Vieja handik "oso ondo" ikusten dela diote. Egunean zehar ezer berezirik ikusten ez zuten arren, iluntzean "askoz ikusgarriagoa" bilakatu zela dio bikoteak, eta "sekulako zarata" entzuten zutela: "Iluntzen zuenean oso garbi ikusten zen uharteko herrien mugak non zeuden eta polizia-lerroa non zegoen, argiak ikusten baitziren inguru horretan. Gainera, hainbat herritar argi frontalekin-eta ikusten genituen menditxoetara igotzen; guk, ordea, ez genuen ingurua ezagutzen, eta segurtasunagatik ez ginen inora joan", gehitu du Arrizabalagak.

Uhartean, seguru

Bikoteak sumendia lehertu eta hurrengo egunean ostatua hartua zuen Barloventon, La Palma uhartearen iparraldean, eta handik ez zela "ezer ere ikusten eta sentitzen" azaldu dute: "Sumendia lehertu eta hurrengo egunean beste leku batera joan behar genuen, eta ez genuen inongo arazorik eduki; izan ere, 2.400 metro inguru dituen mendikate bat genuen pare-parean", azaldu du Umerezek. Dena den, uharteko txoko guztietako tabernetan "kontu berberak" entzuten zirela dio: "La Palma oso txikia da, eta, guztira, 85.000 biztanle inguru ditu; beraz, denek zuten ezagunen bat labak erasandako lekuetan. Beldurtuta zeuden gerta zitekeenagatik".

Dena den, uhartean telebistan erakusten dena baino egoera normalagoa zegoela azaldu du Arrizabalagak: "Sumendia lehertu osteko asteartean gure lagun batzuei uhartera arazorik gabe sartzen utzi zieten, baina gertatzen dena da behin irlan sartuta zintzilik gelditu zirela, bide asko itxita zeudelako gertaeragatik". Azpeitiarrek ez zuten uhartetik ateratzeko arazo handirik izan, nahiz eta leherketa gertatu eta astebetera La Palmako aireportua itxi zuten. Santa Cruz de La Palma hiriburuan zuten azken eguneko ostatua bertan behera utzi behar izan zuten, Tenerifera joateko. "Airelineara deitu genuen, eta esan ziguten ahal genuen moduan Tenerifera iritsi behar genuela, handik Gasteizera hegazkina hartzeko. Ferry bathartu genuen, eta ez genuen arazorik izan Tenerifera heltzeko", dio Umerezek.

Leku "xumea"

Arrizabalaga eta Umerez kontziente dira une historiko bat bizi izan zutela uhartean, eta sentsazio arraroa gelditu zitzaiela dio Umerezek: "Uhartea oso xumea iruditu zitzaigun, eta koronabirusagatik itxita zeuden hainbat taberna. Konturatzen zara hango herritar asko ezer gabe geldituko direla erupzioak eraginda, eta esaten dizute turistak joango direla, baina…". Azpeitiarrek diotenez, turismoak baino diru gehiago lagatzen dute han, esaterako, bananondoek, eta labak labore asko izorratu dituela nabarmendu dute.

Irailaren 19an Timeko begiratokian ateratako argazkiei begiratzen diete Arrizabalagak eta Umerezek. Goizean ateratako argazkian ez da ezertxo ere ikusten sumendia dagoen alde horretan, zeru urdina soilik; ordu batzuk beranduago, ordea, laino txuri lodi bat hauteman daiteke leku berean, mendiaren gainaldean. Iluntzean atera zuten argazkian, biak ala biak ageri dira sumendiak isuritako magma goriari so, liluratuta.