Koronabirusa Azpeitian

Aurrera egiteko ordua

Andoni Elduaien eta Ane Olaizola 2021ko urr. 12a, 11:24
Azpeitiko plaza.

Hemeretzi hilabete dira koronabirusaren pandemia Euskal Herrira iritsi zenetik. Ordutik, COVID-19aren hedapena gelditzeko helburuz, neurri ugari ezarri dituzte erakundeek. Asko izan dira gaitza pasatu duten herritarrak, baita gaitzak jota hil direnak ere. Aldundiak emandako datuen arabera, Azpeitian, esaterako, herritarren %15,3k pasatu dute koronabirusa, eta hamabi lagun hil dira. Joan zen asteaz geroztik alarma egoera bertan behera da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Duela hemeretzi hilabete inork gutxik pentsa zezakeen zurrunbilo baten sartu zen mundua. Komunikabideen bitartez Txinan ezaguna egin zen COVID-19a, berehala iritsi zen Europara iazko martxoan, baita Euskal Herrira ere. Gaixotasuna ahalik eta gutxien hedatzeko, urte eta erdian erakundeek behin eta berriz aldatu dituzten neurrien artean bizi behar izan dute herritarrek, baina gizartea pixkanaka lehengo normaltasunera itzultzeko bidean da, Jaurlaritzak osasun larrialdia amaitu eta neurriak arindu ondoren.

Iazko martxoan iritsi zen birusa Euskal Herrira, eta azkar zabaldu zen Urola Kostan ere, hilaren 19an baieztatu baitzituzten aurreneko COVID-19 kasuak. Birusari aurre egin nahian, ordurako itxita zeuden ikastetxeak, eta alarma egoera ezarria zuen Espainiako Gobernuak. Herritarren artean ere sortu zen alarma, eta erakundeek hala aginduta, beren etxeetan konfinatu behar izan zuten guztiek. Zazpi asteko itxialdia izan zen, eta soilik lanera edo ezinbesteko eginkizunetara atera zitekeen etxetik. Martxoa amaitzerako, gainera, oinarrizkoak ez ziren ekonomia jarduera guztiak eten zituzten.

Etxean sartuta egotearen zama arintze aldera, ordea, era guztietako ekimenak ikusi ziren balkoietan eta leihoetan. Irudimena martxan jarri zuten herritarrek.

Hilabete eta erdi etxetik atera ezinda egon eta gero, apirilaren amaieran, 14 urtetik beherako haur eta gaztetxoek heldu batek lagunduta irteteko aukera izan zuten kalera ordubetez. Jarraian hasi ziren konfinamendua arintzeko herritar guztientzako lehen urratsak ematen; halere, oraindik toki itxietan indarrean dagoen maskararen erabilera arautzea erabaki zuten. Gerora, leku irekietan janzteko derrigortasuna ere ezarri zuten.

Hamaika neurri

Iazko ekainaren 19an iritsi zen normaltasun berria. Jarduera ia guztiak gauzatzeko baimena eman zieten erakundeek herritarrei. Neurriak arindu ahala, ordea, lehen agerraldiak izan ziren eskualdean, hala nola Getariako izozki denda batean, Zarauzko kanpinean, Azpeitiko alde zaharrean... Transmisio komunitarioa eragozteko, Osakidetza test eta baheketa masiboak egiten hasi zen. Azkoitian egin zuten, urrian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hirien eta herrien artean lehena.

Ikastetxeek urte erdiz ateak itxita eduki ostean, eskualdeko ikasleak beren ikasgeletara itzuli ziren irailean, ziurgabetasun handiz eta ordura arte ikusi gabeak ziren protokoloak ezarriz. Uda ostean, ordea, nabarmen egin zuen okerrera egoera epidemiologikoak Euskal Herrian, eta Jaurlaritzak ostalaritza guneak ixtea nahiz mugikortasuna mugatzea erabaki zuen. Harrezkero, erakundeek hainbatez aldatu zituzten herritarrek bete beharreko neurriak, hala nola etxeratze agindua edota aurretik ezarritako neurrien baliogabetzeak. Gabonak ere ezohikoak izan ziren guztientzat. Sasoi horretako ekitaldiak bertan behera uzteaz gain, Eguberrietako eta Urtezaharretako otorduak mugen pean egin behar izan zituzten.

Osasun larrialdi egoerak iraun duen bitartean, erakundeek ostalaritzan jarri dute arreta berezia, eta hura izan da kalte gehien jasan duen sektoretako bat. Hainbatetan itxi behar izan dituzte tabernak eta jatetxeak, eta irekita egon diren bitartean ere, neurri zorrotzak bete behar izan dituzte, hala nola ordutegi eta edukiera mugak. Protesta gisa, askotariko mobilizazioak egin zituzten eskualdeko kaleetan, sektorearentzat erreskate plana eskatuz. Ostalaritzak ez ezik, kulturak ere kolpe gogorra jaso  du, haiengan ezarritako neurriek eragin dutelako beraien jarduna etetea.

Gizarteak txertoan izan du esperantza jarria, eta 2021ak ekarri zuen hori. Adinekoen egoitzetan hasi ziren lehen txertaketak, eta pertsona nagusienetatik gazteenetara mailakatuta banatu dituzte dosiak orduz geroztik. Txertaketak gora egin ahala, positiboek behera egin dute, eta horrek ekarri du osasun larrialdi egoeraren amaiera. Normaltasunera itzultzen hasteko garaia iritsi da. Hemeretzi hilabete luzeren ondoren, amaitutzat eman dute pandemia. Horren ondorioz, Labi desegin eta azken hilabeteetan indarrean egon diren arauak malgutzeko erabakia hartu zuen joan den asteartean Eusko Jaurlaritzak.

Eskualdean, %13ak positibo

Pandemia hasi zenetik, gaixotasunaren eragina ez da berdina izan herritar guztien artean; izan ere, sintomak izan dituzten herritarrak, gaixoak, nahiz sintomarik gabeak utzi ditu COVID-19aren zenbaketak. 77.000 biztanle inguru bizi dira egun Urola Kosta eskualdeko 11 herrietan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, ia 10.000 kasu positibo baino gehiago hauteman ditu Osasun Sailak eskualdean azken hemeretzi hilabeteetan; hau da, Urola Kostako biztanleen %13 baino gehiagok eman du positibo gaixotasuna atzemateko probaren batean. Hamar pertsonetik batek gaitz hori pasatu du eskualdeko ia herri guztietan; Beizama da salbuespena. Herri horrek du lurraldeko indizerik baxuenetakoa, eta lau herritarrek baino ez dute COVID-19a izan. Hau da, biztanleriaren %3ak.

Txanponaren beste aldean dago Aizarnazabal; han, herritarren %18k igaro du gaitza, eta aipatzekoa da joan zen urtarrilean herri horretan egin zuten baheketan, proba egin zutenen %10ak baino gehiagok eman zuela positibo. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean, berriz, Zarautzek eta Azpeitiak gainditu dute 2.000 positiboko langa: Zarautzen 2.571 lagunek eman dute positibo eta Azpeitian 2.338k, herritarren %11k eta %15,3k hurrenez hurren. Azkoitian, 1.700 kasu baino gehiago zenbatu dituzte; Zumaian, ia 1.400 kasu; eta Orion, ia 750 kasu.

Hildakoen zenbakia da erreparatu beharreko beste datua. Aldundiaren arabera, eskualdean 92 hildako utzi ditu COVID-19ak eragindako pandemiak, guztira; positibo eman duten pertsonen %1 hil egin da, beraz. Hildakoen ia erdiak Zarautzekoak ziren; 40 lagun. Azpeitian eta Zumaian, berriz, hamabina lagun hil dira, eta hamar Azkoitian.

Hona hemen Urola Kostako herrietako datuen taula: