Espainiako Gerran borrokan aritu ziren gizon-emakumeak omentzeko ekitaldiak antolatu ditu Munoandik

Julene Frantzesena 2021ko urr. 11a, 11:14
Erreketeak Azpeitiko plazan, 1936ko irailaren 20an.

Lehen ekitaldia asteazkenean izango da; 36ko Gerrari buruzko argazki erakusketa inauguratuko dute Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan (18:00). Hilaren 19an, berriz, Loyola batailoiko komandante Juan Beistegiren oroitzapen liburua aurkeztuko dute, eta Aranzadiko ordezkari batek hitzaldia eskainiko du.

Espainiako Gerran Gipuzkoan izandako altxamendu militarraren eta faxismoaren aurka borrokan aritu ziren gudariak, milizianoak, gizonak nahiz emakumeak omentzeko eta oroitzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Munoandi elkarteak. Besteak beste, erakusketa bat, liburu aurkezpen bat eta hitzaldi bat izango dira datozen asteetan herrian.

Lehen ekitaldia asteazkenean izango da; zehazki, 36ko Gerrari buruzko argazki erakusketa inauguratuko dute Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan (18:00). Munoandik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Sabino Arana fundazioarekin elkarlanean antolatu du erakusketa, eta inaugurazio ekitaldian Jon Ganbra aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura demokratikoaren zuzendariak, Mireia Zarate Sabino Arana fundazioko presidenteak eta Iñaki Txapartegi Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidenteak parte hartuko dute.

Hurrengo hitzordua hilaren 19an izango da, Foru Ibilbideko areto horretan bertan. 19:00etan hasita, Loyola batailoiko komandante Juan Beistegiren 366 egun borrokan Euzkadiren alde. 1936-1937 oroitzapen liburuaren aurkezpena izango da. Gainera, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak Beistegiri buruzko solasaldia eskainiko du. Ondoren, Ione Zuloaga Aranzadi zientzia elkarteko kideak hitzaldia eskainiko du, Gerra Zibila Gipuzkoan: Azpeitiko kasua izenburupean.