Bi lagun zauritu dira Loiolan izan den trafiko istripuan

Julene Frantzesena 2021ko urr. 11a, 08:22

Hiru autok elkar jo dute, 07:40 aldean, GI-631 errepidean. Izugarrizko auto ilarak sortu dira Azpeitia eta Azkoitia artean, baina dagoeneko zabaldu dute errepidea.

Hiru autoren arteko trafiko istripua izan da gaur, astelehena, 07:40 aldean, Loiolan, GI-631 errepidean. Ertzaintzak Uztarria.eus-i azaldu dionez, bi lagun zauritu dira ezbeharrean, eta biak ospitalera eraman dituzte; bat Zumarragara eta bestea Donostiara.

Hainbat denboraz, errepidea itxita izan da bi noranzkoetan, garabiek kendu behar izan dituztelako autoak errepidetik. Hori dela eta, izugarrizko auto ilarak sortu dira Azpeitia eta Azkoitia artean. Dena den, dagoeneko zabaldu dute errepidea, eta bere onera itzuli da trafikoa.