Berdinketa eta garaipena, Lagun Onaken futbol talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 10a, 10:24
Lagun Onak-Beasain neurketaren une bat. (Mailo Oiarzabal)

Etxean jokatu zuten biek atzo. Hirugarren Mailako gizonek bana egin zuten Beasainen kontra, eta Ohorezko Erregional ligako emakumeek 2 eta 1 irabazi zioten Amaikak Bati.

Lagun Onaken futbol talde nagusiek denboraldi hasiera honetako bakoitzaren joerari eutsi zioten atzo Garmendipen. Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak bana berdindu zuen Beasainen kontra, galtzen hasi ondoren; Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan, berriz, Azpeitiko taldeak laugarren garaipena poltsikoratu zuen, Debako Amaikak Bat 2 eta 1 gaindituta.

Hirugarren Mailako zazpigarren jardunaldiko partida jokatu zuen atzo Lagun Onakek, eta laugarren berdinketa erdietsi zuen; Barakaldorekin eta Amurriorekin batera, orain arte berdinketa gehien lortu duen taldea da Ander Avellanedarena. Beasain hobeto hasi zen eta kanpoko taldearenak izan ziren lehen gerturaketak. Minutuek aurrera egin ahala, Lagun Onak bere tokia aurkitzen hasi zen, eta partidako lehen gol aukera garbia etxekoena izan zen: Kepa Goikoetxeak zutoinera bidali zuen jaurtiketa. Borrokatua baina aukera askorik gabe jarraitu zuen lehiak, Beasainen gola iritsi zen arte. Arean aukeraren edo beste sortu zuten bisitariek, baina urrutitik egindako jaurtiketa bati esker lortu zuten markagailuan aurrea hartzea: 30. minutuan, Etxabeguren atzelariak aldaratze bat jaso zuen zelai erdian, pauso batzuk aurrera egin, gogor jaurti eta sekulako gola lortu zuen. Atzetik zela, Beasainen atera hurbiltzeko ahaleginak areagotu zituen Lagun Onakek, baina 0 eta 1ekoarekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi eta berehala, 50. minutuan, berdindu zuen markagailua Lagun Onakek: korner baten ondoren, Josu Ibarbiaren erdiraketa buruz bidali zuen sare barrura Xabi Geretak. Hortik bukaerara arte, nahiko parekatuta jarraitu zuen neurketak. Hala ere, etxekoenak izan ziren gol aukerarik garbienak bigarren zatian: Manex Iradik birritan izan zuen 2 eta 1ekoa egiteko aukera, baina Beasaingoen atezainak bietan eragotzi zuen etxekoen garaipena. Zazpi punturekin, sailkapenean 16. postuan da Lagun Onak uneotan, jaitsierako multzoan.

Laugarren garaipena

2 eta 1ekoa egin eta hiru puntuak eskuratu zituena Emazkumezkoen Ohorezko Erregionak mailako taldea izan zen. Ligako laugarren jardunaldian, Amaikak Bat hartu zuen Garmendipen Lagun Onakek, eta hirugarren garaipena lortu zuten Unai Urbizuren jokalariek; sailkapenaren buruan dira uneotan, hamar punturekin.

Partida hasi eta berehala, lehen minutuan, Amaikak Batek gola egiteko aukera garbia izan zuen, baina ez zuten asmatu Debakoek. Sustoa gaindituta, etxekoak pixkanaka joan ziren zelaian tokia hartzen, eta lehen ordu laurdena gaindituta hasi ziren gol aukerak sortzen Ainhoa, Izaro eta Eguzkiñe; azken horrek zutoinera bidalitako jaurtiketa izan zen argiena, 17. minutuan. Gola gertu ikusten zuen Lagun Onakek, eta iritsi zen, azkenean, 1 eta 0koa: 27. minutuan, Egurenen jaurtiketa urruntzea lortu zuen Amaikak Baten atezainak, baina Izarok, adi, aldaratzea jaso eta ate barrura bota zuen baloia. Atsedenaldira bitartean, bisitariena izan zen aukera on bakarra, baina Eiderrek banakoa eragotzi zuen 35. minutuan.

Bigarren zatia hasi eta segituan egin zuen 2 eta 0koa Lagun Onakek: 47. minutuan, Nairak egin zuen gola, Larraitzen pase bikaina borobilduz. Nairak berak izan zuen taldearen hirugarrena egiteko aukera 53. minutuan, baina Debako taldea izan zen markagailuan tartea murriztea lortu zuena; 64. minutuan egin zuen Amaikak Batek 2 eta 1ekoa. Bisitarien bigarren zatiko hasiera onaren saria izan zen gol hori, baina hortik aurrera ez zuten aukera garbi gehiago izan, eta abantailari ondo eutsi zion Lagun Onakek.