Azpeitiko eta Bergarako ikasleen txanda, Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Zikloan

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 9a, 10:36

Azpeitiko musika eskolako Itxaso Alberdi eta Anaitz Lizartza, eta Bergarako Elena Laka eta Leo Joaristi aritu ziren atzo iluntzean Loiolako basilikan, aurtengo zikloaren Azpeitiko bigarren kontzertuan.

Organo ikasleen eguna izan zen atzo Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Zikloan. Aurtengo zikloaren barruko bigarren kontzertua hartu zuen ostiral iluntzean Loiolako Basilikan, eta Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolan zein Bergarako musika eskolan instrumentua jotzen ikasten diharduten lau ikaslek egin zuten emanaldia, beren irakasleek lagunduta.

Atzoko bi protagonista gazteenak, Itxaso Alberdi eta Anaitz Lizartza, Jose Luis Frantzesenaren ikasleak dira Azpeitian. Bergaratik, berriz, ikasle helduagoak etorri ziren Loiolara, Elena Laka eta Leo Joaristi.

Datorren ostiralean ere 20:00etan izango dute hitzordua basilikan organo musikaren zaletuek. Karol Mossakowskik emango du aurtengo hirugarren kontzertua.