Auzo-taxi zerbitzuaren erabiltzaileek txartela berritu behar dute

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 8a, 16:15
Azpeitiko taxi geralekua, Jose Artetxe kalean.

Azaroaren 2tik aurrera ezingo dira erabili iaz ateratako txartelak, horiek berritu ezean. Udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan edo udalaren webgunean berritu daitezke txartelak, eta txartela lehen aldiz atera nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera.

Azpeitiko Udalak duela urtebete jarri zuen martxan auzo-taxi zerbitzua, herrigunetik kanpoko auzoetan eta landa eremuetan bizi diren herritarrei zuzenduta. Zerbitzuak lehen urtea bete duen honetan, auzo-taxiaren erabiltzaileei txartela berritzeko sasoia iritsi zaie.

Auzo-taxi zebitzua jaso ahal izateko erabiltzaile txartela beharrezkoa da, eta iaz ateratako txartela laster iraungituko zaie erabiltzaileei. Horrenbestez, zerbitzua eta txartela erabiltzen jarraitu nahi dutenek berritu egin beharko dute txartela. Bestetik, txartela lehen aldiz atera nahi dutenek ere horretarako aukera izango dutela jakinarazi du udalak.

Azaroaren 2tik aurrera ezingo da zerbitzua erabili iaz ateratako txartelarekin; beraz, ordurako txartela berritu beharko dute erabiltzaileek, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura joanda (udaletxeko lehen solairuan), edo udalaren azpeitia.eus webguneko dirulaguntzen atalean sartuta.