Izapideak 'online' kudeatzeko ikastaroa egingo dute Emakumeen Txokoan

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 8a, 10:51

Munduak gerturatu. Arrakala digitala murriztu ikastaroa antolatu du Malen Etxeak. Igandean izango da lehen saioa, 15:30etik 18:30era. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute.

Malen Etxearen eskutik, Munduak gerturatu. Arrakala digitala murriztu ikastaroa egingo dute Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Izapideak online kudeatzen ikasiko dute parte hartzaileek; besteak beste, lana bilatzeko Gmaila eta haren tresnak erabiltzen, administrazioarekin komunikatzeko Gmaila erabiltzen, dauden identifikazio ziurtagiriak baliatzen, baita komunikazio segurua lantzen ere.

Norberak bere eskuko telefonoa, ordenagailu eramangarria edo tableta erabiltzen ikasi ahal izango du saioetan; norberak eraman beharko du tresna horietakoren bat etxetik ikastarora. Guztira, hiru saio egingo dituzte: urriaren 10ean, 24an eta 31n, 15:30etatik 18:30era. Interesa dutenek honako telefono zenbaki honetara idatzi edo deitu behar dute: 653 72 91 17.