Piaspe proiektu eolikoa

Haize errotak mendian

Aitziber Sarobe Egiguren 2021ko urr. 10a, 09:30

Aitziber Sarobe Egigurenek Urola Kostako Hitza egunkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau. Bertan aipatzen denez, "Azpeitia-Errezil-Zestoako mugetan haize erroten parkea egiteko egitasmoaren oihartzuna" iritsi zaie Madrildik.

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak berriki esana da: "Euskadik energia berriztagarrien sorrera bizkortu behar du, modalitate eta dimentsio guztietan. Munduan ez da antzeko kasurik egongo: parke eoliko bat hasieratik amaierara eraikitzeko tokiko gaitasun industrialak eta teknologikoak egonda ere, ez izatea parke gehiago funtzionamenduan". 

Esaldi gutxitan esana dago guztia. Tapia sailburua ez da energia berriztagarriez ari, energia berriztagarriak ekoizteko ereduaz baizik: ez ditu aerosorgailuak aipatu, baizik eta, parke eolikoak. Hortxe dago koxka, kasu honetan, arazoa, arazo erraldoia, gure mendien tamainakoa.  

Energia berriztagarria ekoizteko ezagutza eta ahalmena izatea berri ona da, berez. Pozgarria da aerosorgailuak ekoizteko teknologia hemen garatzeko aukera izatea. Berdin, eguzki panelak eta bestelako gailuak egitekoa. Baina teknologia hori non eta nola baliatu ondo hausnartu eta aztertu beharreko kontua da, ingurumen sailburuak aitortu ez arren, energia garbi bakarra ekoizten ez dena delako.

Azken hilabeteetan argiaren garestitzeak begi bistan utzi digu lehendik nabarmena zena: energia sistema ez dago pentsatuta herritarron betebeharrei erantzuteko, ezta ingurumenarekiko errespetuzkoa den garapen eredua bermatzeko ere. Egun, energia sistemaren helburu nagusia energia ekoizteko teknologia ezberdinen eskumena duten enpresak aberastea da. 

Erregai fosilen erreketak klima aldaketan duen eraginaren aitzakiapean, deskarbonizazioarekin itsutu nahi gaituzte gure agintariek. Elektrifikazioa helburu jarrita, energia sistemarekiko eztabaida saihestu nahi dute, sistema horren irabazi ekonomiko lotsagarriak ontzat emanez. Ate birakarien eta bestelako entxufe interesatuen kalanbreak ez baitzaizkie iristen diruaren txintxinak alaitutako poltsikoetara, antza.

Energia sistemaren aldaketa oinarritik eragin behar da: energia kontsumoa gutxitzetik, hain zuzen. Horretarako bidea egitetik hasi beharko lukete gure agintariek, sineskorra egin nahi badute beren aldarria. Energia aurreztea ez da efizientzia kontua bakarrik. Teknologia ekoizteko gaitasuna badugu, beti izan dugu, baina hori ez da nahikoa lehengairik ez duen herrian, ez dagokigun energia kontsumoaz baliatzen bagara, horretarako ekoizten dugun teknologiaren ondorio ekologikoak eta sozialak beste herrialdeek pairatzen dituztelako. Izan baliagai naturalak ‘lapurtzen’ dizkiegulako, edota behin ekoiztuta, sortutako hondakinak haiengana ere bideratzen ditugulako, gure kontsumoaren ondorioak planeta osora zabaltzen ditugu. 

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.