Jose Antonio Elorza: "Uste dut publikoak baduela katxondeorako gogoa"

Ane Olaizola 2021ko urr. 8a, 11:15
Jotakieko taldekideak. Argazkian, ezkerretik hirugarrena, Elorza. (J. Sudupe)

Uste baino gehiago luzatu zaie, baina azkenean, bihar igoko dira Azpeitiko Sanagustingo oholtzara –oraindik eros daitezke sarrerak–, Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordeak antolatuta. Entzuleek Jotakieren zuzenekoarekin dantzatu ahal izango dute, 21:00etan hasita. Jose Antonio Elorza taldeko abeslariarekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Urte eta erdi beranduago, baina iritsi da Azpeitiko kontzertuaren eguna. Immaculate Foolsekin batera zineten eskaintzekoa iazko martxoan, eta izurritea hasi zen. Horrenbestez, hitzordua atzeratu egin da hainbatez, eta azkenean bihar igoko zarete taula gainera. Kontzertuaren atarian, nola zaudete?

Azkenean asko luzatu da, baina taldea, bere horretan, ondo dago. Taldeak, egun, ez du asmo handirik, eta noizean behin, zerbait ateratzen denean, kontzerturen bat eskaintzen du. Ez da erraza hasierako taldea bere horretan mantentzea, formatu originala mantentzen duen talde askorik behintzat ez dago.  

Kulturak kolpe gogorra jaso du azken urte eta erdian. Orain, gizartea normaltasunera bidean dagoela ematen duen honetan, jendea musika egarriz dagoela uste al duzu?

Baietz esango nuke. Uste dut publikoak baduela katxondeorako gogoa.

Jaurlaritzak osasun larrialdia bertan behera utzi du, eta asteburukoak izango dira publikoak zutik eta dantzan egoteko aukera izango duen aurreneko kontzertuak. Zuzenekoa modu horretan eskaintzeak zerbait eragiten al dizue?

Noski. Taula gainean gaudenean, musikariontzat oso desberdina da publikoa eserita edo dantzan egotea. 

Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak antolatu du emanaldia. Zer eragiten dizue kontzertua Sanagustin kulturguneaneskaintzeak?

Herriko plazan dago Sanagustin, eta kontzertuak emateko oso baldintza onak ditu. Azpeitia bezalako herri batentzat kristoren lekua dela uste dut; kanpotik etortzen den askok esaten dute hori. Gu gustura gaude Sanagustinen jotzearekin. Kontzertua duela urte eta erdi eman behar genuen, baina zain egon behar izan dugu. Azkenean, badirudi beste balditza batzuetan izango dela zuzenekoa, eta gustura gaude. 

80ko hamarkadan sortu zenuten taldea, eta 1990ean desegin. Ordutik euri asko egin du, eta asko aldatu da musika kontsumitzeko modua. Nola ikusten duzu egungo panorama?

Egia esan, ez dut musika askorik entzuten, eta egungo panorama ere ez dut gehiegi segitzen. Irratian talde batzuk jartzen dituzte, eta jarraitzen dudana horrela egiten dut. Ez nuke esango mundu horretatik kanpo gaudenik, baina lehen bezala ez gaude behintzat. Guztiok ere parean ditugu 60 urte, eta bizimodua aldatu egiten da. Baina ikusten dut gero eta talde gehiago daudela, eta hori ona da; zenbat eta sortzaile gehiago egon, orduan eta gauza hobeak egongo dira. 

2016an itzuli zineten taula gainera. Nolakoa izan zen itzulera?

Azpeitiko ikastolaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko asmoz deitu ziguten, eta hor erabaki genuen kontzertua emango genuela. Pertsonalki, 25 urte musikarik egin gabe egon naiz, eta besteek izan dute jarraipena musikan: Pellok Piztiak taldean bateria jotzen du, Lukak ere segitu du gauza batzuk egiten eta Manolok disko batzuk atera ditu bakarka. 25 urte pasatu eta gero, guztia berrikusi egin behar izan genuen, eta entseatzen hasi ginenean ez zen erraza izan, baina pixkanaka lortu genuen gure mailara berriz itzultzea. 

Ondoren eman zenituzten beste kontzertu batzuk ere.

Ez asko, hiruzpalau gehiago emango genituen. Egia esan, ez dugu nahi kontzertuen lehengo dinamikan sartzerik. Ez gaude horretarako. Guztiok egina dugu bizitza, eta pertsonalki behintzat ez nuke astero kontzertuak ematen hasterik nahi. Eskaintzen dizkiguten artean, noizean behin, interesatzen bazaigu, baiezkoa ematen diegu.

Duela hiru hamarkadako abestiak taularatzen dituzue. Nostalgia handia nabaritzen al duzue publikoaren artean?

Bai, nostalgia badago. Horrez gain, ikusten da gazteek, tabernetan-eta entzun dutelako edo, nahi gaituztela zuzenean ikusi. Donostiako Antiguo auzoko gaztetxean egin genuen emanaldia oso hunkigarria izan zen, esaterako. Gazte mordoa zegoen, eta gure abestiak kantantzen ikustea hunkigarria izan zen. Ez zen azpiegitura handiko kontzertu bat izan, baina bai oso polita. Sumatzen da gazteek entzun gaituztela. Beraz, biharkoan ere nostalgia pixkat bat egongo da.