Azpeitia Euskal Herriko herri hezitzaileen sarean sartzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Oinherrik

Julene Frantzesena 2021ko urr. 8a, 10:00
Azpeitia Herri Hezitzaileko eta Oinherriko kideak. (Azpeitiko Udala)

Udalak herri hezitzailearen filosofia sustatzen jarraitzeko "gogoa eta ilusioa" dituela esan du, eta bide horretan beste pauso bat eman du herri hezitzaileak sustatzeko Oinherri elkartearekin hitzarmena sinatuta. Ikasturte honetan haurren parte hartzea sustatzeko kanal iraunkor bat sortzeko asmoa agertu du udalak.

Azpeitiko Udalak eta Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta horrenbestez, Azpeitia Euskal Herriko herri hezitzaileen sarean sartuko da. Herri hezitzailearen filosofia eta elkarlana sustatzen jarraitzea du xede erakundeak, eta bide horretan beste pauso bat eman du. Halaber, herriko erabakietan haurren parte hartzea txertatzeko eta etorkizunean sor daitezken egitasmoei forma emateko ere sinatu dute akordioa. 

Udalak azaldu duenez, Azpeitiak urteak daramatza herri hezitzailearen filosofia herrian sustatzen. Bide horretan, udalak, herriko ikastetxeek, hezkuntza ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek hainbat egitasmo egin dituzte, eta hitzarmena norabide horretan "sakontzen" jarraitzeko urratsa dela azpimarrratu du erakundeak. Izan ere, udalak herri hezitzailearen filosofia sustatzen jarraitzeko "gogoa eta ilusioa" dituela esan du. Gainera, bidelagun izango du Oinherri elkartea, beharrezkoa den aholkularitza eta formazioa eskainiko baitizkio udalari, eta Euskal Herriko herri hezitzaileen sarean esperientziak elkartrukatzeko eta kolektiboan lan egiteko parada izango du.

Oinherriko kideak "oso pozik" agertu dira Azpeitia sareko parte izango delako. Hala azaldu du Jaione Urruzolak: "Herrien arteko elkarlanean eta babesean oinarritzen den sare honetan Azpeitiko esperientzia sareko gainerako herriekin elkarbanatzeko aukera izatea oso aberasgarria da guretzat. Aldi berean, ziur gaude Azpeitiak sareko gainerako herrien eskutik jaso dezakeena ere oso interesgarria izango dela". Herri hezitzailearen filosofiaren garrantzia izan du hizpide Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak. "Azpeitia herri hezitzaileko kideok ardura konpartitu gisa ulertzen dugu hezkuntza. Familiaz eta eskolaz haratago, herria bera eremu hezitzaile moduan ulertzen dugu, eta herritarrak eragile hezitzaile kontsideratzen ditugu. Izan ere, hezkuntza ez da haurtzarora mugatzen, gutako bakoitza, jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte, hezigarriak eta aldi berean hezitaileak gara".

Haurren kontseilua

Azpeitian herri hezitzailearen filosofiaren bueltan egindako ibilbidean beste urrats bat egiteko asmoa agertu du udalak. Hain zuzen ere, 2021-2022 ikasturtean haurren parte hartze kanal iraunkor bat osatu nahi du, herriko ikastetxeetako ikasleekin: haurren kontseilua. Haurrak txikitatik hezi nahi dituzte herriko erabakietan parte har dezaten, udalak azaldu duenez, "etorkizuna ez ezik oraina ere" badirelako eta horiek gauza "asko eta interesgarriak" dituztelako esateko. "Txikitatik benetako parte hartzean heztea ezinbestekoa izango da, gobernantza eredu irekiagoak eraikitzeko".