Hamabi pilotari eta sei soziedade, Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketaren txapelaren bila

Julene Frantzesena 2021ko urr. 7a, 19:25
Pilotariak, antolatzaileak, soziedadeetako ordezkariak eta babesleak, gaur Izarraitzen. (Mailo OIarzabal)

Gaur aurkeztu dute Izarraitz pilotalekuan etzi toki berean hasiko den txapelketa. Bi multzotan banatuta jokatuko dute ligaxka sei bikote parte hartzaileek, eta hilaren 30ean izango da finala. Aurten zapatu gauetan izango dira jaialdi guztiak, 22:00etan hasita. Jagoba Labaka eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a azpeitiarrak dira txapelaren bila lehiatuko diren hamabi pilotarietako bi.

COVID-19aren pandemiak eragindako urtebeteko etenaren ostean, berriz ere bueltan da Azpeitiko Erremonte Txapelketa. XXI. edizioa izango da aurtengoa, eta berezitasun bat izango du: pilotari bikote bakoitzak herriko soziedade bat ordezkatuko du lehian, Sagardoaren Txapelketan sagardotegiekin egiten dutenaren antzera. Hain zuzen ere, sei bikote ariko dira nor baino nor aurtengo txapelketan, eta horietako bakoitzak herriko elkarte baten izena izango du. Gainera, bi erremontista azpeitiarrek parte hartuko dute aurtengoan: Jagoba Labaka eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a.

Asteburuan hasiko da txapelketa Izarraitz pilotalekuan eta gaur aurkeztu dute, frontoian bertan. "Oso pozik" agertu da aurkezpenean Xabier Gonzalez Oriamendi 2010 enpresaren gerentea, erremonteak berriro izango duelako tokia Azpeitian. Aurtengoarekin hamar edizio beteko ditu Oriamendik txapelketa antolatzen, eta "zenbait berezitasun eman" nahi izan dizkiotela nabarmendu du. Horretako "Azpeitiko hainbat eragileren laguntza" izan dutela gaineratu du: udala, babesle komertzialak eta aipatutako soziedadeak. Guztien babesa eskertu du antolatzaileak.

Sei bikote, bi multzo

Sei bikotek jokatuko dute ligaxka, bi multzotan banatuta: Urrizak eta Labakak (Oilo Soro), Ansa II.ak eta Martirenak (Zokoa) eta Goikoetxea V.ak eta Zubirik (Gure Ametsa) osatuko dute A taldea; eta, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe), Urrutia II.ak eta Larrañagak (Ardozaleak) eta Segurolak eta Aizpuru III.ak (Inpernue), berriz, B taldea. Bi multzoetako lehen sailkatuek jokatuko dute txapelketaren finala. Final horretara sailkatzeko puntuaketari dagokionez, bikote irabazleek lau puntu batuko dituzte; galdu arren 39 eta 36 tanto artean geratuz gero, 2 puntu batuko dituzte bikoteek; 35 eta 32 tanto artean geratuz gero, puntu bat; 31 eta 26 tanto artean eginda gelditzen diren bikoteek ez dute punturik batuko; eta 25 tanto edo gutxiago egiten dituztenek, berriz, puntu negatiboa (-1) jasoko dute.

Hitzorduak, zapatu gauez

Jaialdien eguna eta ordutegia dira XXI. edizioaren beste berrikuntzetako bat. Aurtengo partida guztiak larunbatetan izango dira Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan hasita.

Guztira lau jardunaldik osatuko dute Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketa, ligaxkari dagozkion hirurak eta finalarena. Etzi, hilak 9, hasiko da txapelketa. Ligaxkako lehen jardunaldi horretan, Segurolak eta Aizpuru III.ak Urrutia II.aren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute lehen partida; eta Ansak eta Martirenak Goikoetxea V.arekin eta Zubirirekin neurtuko dituzte indarrak gaueko bigarren neurketan. Urriaren 16an eta 23an osatuko dute ligaxka, eta hilaren 30ean jokatuko dute finala.

Erremonte txapelketaren partidak ikusi nahi dituztenek 5 euro ordaindu beharko dute. Pilotalekuko txarteldegian jarriko dituzte salgai sarrerak jardunaldi bakoitzean.

2019an jokatu zen Azpeitiko Erremonte Txapelketaren orain arteko azken edizioa, eta Barrenetxea IV.ak eta Aldabek irabazi zuten.

Uztarria erremontearekin

Oriamendi enpresak eta Uztarria Komunikazio Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu zuten joan zen astean, eta beraz, Uztarria izango da txapelketaren babesle nagusietako bat. Hori dela eta, lehiaren nondik norakoen berri emango du komunikazio taldeak datozen asteetan.