Aitor Mimenza: "Nahiz eta batzuetan kostatu, gorputzak eskatu egiten dit korrika egitea"

Julene Frantzesena 2021ko urr. 7a, 11:01
Aitor Mimenza korrikalaria. (Nerea Uranga)

Txapel eta oroigarri pilatzen iaioa da Aitor Mimenza (Elorrio, Bizkaia, 1991) lasterkaria. Azpeitia eta Azkoitia artean ibiltzen da eguna joan eta etorri, entrenatzen, gustatzen zaion hori egiten. Denboraldia ezin hobeto hasi du, Joxetxo Imazen oroimenezko lasterketa irabazita. Bi helburu nagusi ditu datozen hilabeteetarako bere burua “erdi azpeitiartzat” duen baina “oraindik bizkaitarra” dela dioen gazteak.

Josetxo Imazen oroimenezko lasterketa irabazi berri duzu. Zer moduz joan zen proba?

Egia esan, oso ondo. Denboraldia hasten ari gara, eta ez nekien nola sentituko nintzen. Udan aritu naiz entrenatzen, baina zalantzak nituen denboraldi hasierari dagokionez. Gorputza ondo sumatu nuen, eta emaitza positiboarekin itzuli nintzen etxera. Ez nintzen denbora jakin bat egitera joan; izan ere, banekien zirkuitua pixka bat gorabeheratsua zela. Dena den, egin nuen denborarekin oso gustura nago; 30 minutu eta 43 segundotan bukatu nuen lasterketa, eta bizi ditugun garaiotarako denbora ona dela esango nuke.

Hamar kilometroko lasterketa zen. 2020an Valentzian (Herrialde Katalanak), adibidez, ordu erdi azpitik egitea lortu zenuen. Orduan esan zenuen horixe zela helburua. Berriz ere hara iristea al duzu xede?

Valentziako marka lortzeko pare bat urtez aritu nintzen askotariko lasterketetan parte hartzen eta prestatzen. Ez da erraza izaten lasterketetan gauza denak ondo ateratzea, baina Valentzian dena ondo joan zen. Egia esan, aurtengo helburuetako bat proba horixe da: badakit zaila dela marka hura hobetzea, baina saiatu egingo naiz. Inkonformista samarra naiz; helburu bat lortzean ez diot duen balioa ematen.

Helburuetako bat Valentziako proban marka hobetzea dela esan duzu. Zeintzuk dira besteak?

Otsailean Bartzelonako maratoi erdira joango naiz, eta distantzia horretan daukadan denbora hobetzea nahi dut. Valentziako hamar kilometroko proba urtarrilean izango da, eta hori zein Bartzelonakoa ondo ateratzen bazaizkit, udaberrian Azpeitian egingo den mendi lasterketarako prestatuko naiz. Tartean beste hainbat probatan ere parte hartuko dut.

Sekula aritu al zara mendi lasterketetan?

Bai, aritu izan naiz. Asfaltoan aritzen naiz gehienbat, baina udaberri aldean, pixka bat aldatzeko, mendiko probetan ere parte hartu izan dut. Lasterka orain dela hamar bat urte hasi nintzen, eta mendian egin nituen lehen probak; hain zuzen ere, ultra probetan aritu nintzen. Gero, baina, asfaltoko probetara egin nuen jauzi, denbora gutxiago behar delako horiek prestatzeko.

Zer proba dituzu nahiago?

Asfaltoko probak. Mendira gozatzera joaten naiz, erlojua alde batera utzita; ahaztu egiten naiz denborarekin, erritmoarekin… Gainera, mendi lasterketetan hobetzeko daukadan puntuetako bat dira aldapa beherako zatiak. Aldapan gora ondo moldatzen naiz, baita lauan ere, baina aldapan behera pixka bat galdu egiten naiz. Ez dakit beldurra den edo zer den, baina blokeatu egiten naiz.

Hamar kilometroko lasterketetan zabiltza buru-belarri. Erakargarri egiten zaizun zer ezaugarri du distantzia horrek?

Distantzia horretan oso ondo moldatzen naiz. Proba horietan hasieratik ateratzen gara azkar, baina badakigu ordu erdian bukatuko dugula, eta sufrituta egiten dituzu hamar kilometroak. Maratoi erdietan beste 11 kilometro egin behar dira, eta hasieran erritmoz azkartuz gero, kostatu egiten da proba amaitzea. Distantzia horri errespetu handiagoa diot, proba azkarregi hasiz gero, hamabosgarren kilometrotik aurrera ordaindu egiten delako.

Maratoi erdia baino proba luzeagoak egiten al dituzu?

Asfaltoan ez dut egin maratoi erdia baino distantzia luzeagoa duen probarik, baina buruan daukat maratoi bat egiteko ideia; asko tentatzen nau. Iaz berotu nintzen aurten maratoia egiteko, baina azkenean, Valentziako hamar kilometroko proban eta Bartzelonako maratoi erdiean zentratuko naiz. Hurrengo urtean, ziurrenik, maratoian debutatuko dut. Mendian, berriz, saiatzen naiz 20-30 kilometroko probak egiten.

Hasi berri den denboraldia berezia da neurri batean. Izan ere, COVID-19aren etenaren ostean, hasi dira berriro ere probak antolatzen. Zer moduzkoa izan da itzulera?

Iazkoa hala moduzko urtea izan zen. Entrenatzen aritu nintzen, baina nahi nuen probaren bat egitea; izan ere, entrenatzea gustatzen zaigu, baina lehiatzea ere bai. Proba gutxi izan ziren iaz; Granollersera [Herrialde Katalanak] joan nintzen, eta beste hainbat lasterketa egin nituen pistan. Orain motibatuta nago, entrenatzeko gogoarekin, ikusten dut-eta lasterketak badatozela, nahiz eta batzuk bertan behera utziko dituzten. Badakigu zer gertatu den, pandemia baten murgilduta egon gara, baina beldurra kentzen saiatu eta ahalik eta bizimodu normalenera hurbildu behar dugula uste dut.

Zeren arabera aukeratzen duzu zer lasterketetan parte hartu?

Pixka bat eroa naiz horretan. Lehiatzea gustatzen zait, eta lasterketa dezentetan parte hartzen dut. Helburu bat edo bi jartzen ditut, eta horien arabera, hilean lasterketa bat-edo aukeratzen saiatzen naiz. Korrika egitetik biziko banintz, lasterketa gehiagotan parte hartuko nukeen, baina nik disfrutatzeko egiten dut korrika. Gustatzen zait dortsala janztea, baina nahikoa egiten dugu egunero lasterka egitera ateratzearekin. Hiruzpalau lagun ibiltzen gara entrenatzen, lasterketetara joaten… eta hori oso polita da. Gainera, Gipuzkoara bizitzera etorri nintzenean jabetu nintzen hemen inguruan badela atletismorako joera; edozein lasterketatan herritarrak egoten dira parte-hartzaileak animatzen. Bilbo aldera joanez gero, askotan jendeak ez du jakiten lasterketa dagoenik ere. Hori, adibidez, asko eskertzen dut.  

Honezkero bitrina garaikurrez beteta izango duzu. Ba al duzu kuttunik?

Bai, baditut bizpahiru kuttun. Soraluze-Bergara proba da horietako bat; lasterka hasi nintzenetik beti parte hartu izan dut proba horretan, eta asko gustatzen zaizkit ibilbidea eta antolakuntza. Arrasate-Oñati proba ere asko gustatzen zait, baita Azpeitiko San Silbestrea ere. Ez dut esan Azpeitian bizi naizelako, e! San Silbestrean parte hartu nuen lehen urtean harrituta gelditu nintzen Erdikalera iristean; lotsa eta dena sentitu nuen han zegoen jende pilarekin, aldameneko kalera joateko gogoa sartu zitzaidan [barrez]. Bromak aparte, egun horretan Azpeitian sortzen den giroa oso-oso polita da.

Nola moldatzen zara lana, entrenamenduak eta korrika uztartzeko?

Beti gauza bera esaten dut: inork ez gaitu derrigortzen eta hortxe ibiltzen gara, beraz… Ordu dezente eskaintzen dizkiodan afizioa da, bai, egunero entrenatzen dudalako, baina irakasle lanarekin ondo uztartzen dut. Bestalde, bikotekideak ere afizio bera du, eta horrek asko errazten du dena. Nahiz eta batzuetan kostatu, gorputzak eskatu egiten dit korrika egitea; etxera beste umore eta aldarte batekin itzultzen naiz entrenatu eta gero.