Elkarrizketa

Nimra Ghazanfar Ali: "Bi aldeetan dago informazio eta komunikazio gabezia"

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 6a, 08:29
Nimra Ghazanfar Ali. (Mailo Oiarzabal)

Etorkinak eta integrazioa izenburuarekin hitzaldia eskainiko du gaur Basazabalen (18:30), Elkar-ekinek antolatuta, Hafsa Fenehara ikaskidearekin batera. Migratzaileen lege oztopoez ariko dira.

7 urterekin iritsi zen Harora (Errioxa, Espainia) Nimra Ghazanfar Ali (Bloth Shera, Gujarat, Pakistan, 1997), eta duela bederatzi urte iritsi zen Azpeitira; Loiolan bizi da. "Ia hamazazpi urteren ondoren, ez naiz integratuta sentitzen", dio, bera legez iritsi bazen ere. Zorte hori ez duten migratzaileen egoerak eta bertakoek horri buruz zer gutxi dakiten ikusteak bultzatuta hitzaldia emango du gaur, Hafsa Fenehararekin batera.

Zer gai jorratuko dituzue gaurko hitzaldian?

Hona iritsitakoan migratzaile askok beren egoera legeztatzeko aurkitzen dituzten oztopoez eta jarraitu beharreko pausoez hitz egingo dugu: erroldatzea, egoera legeztatzea eta prozesu horri jarraituta asko luza daitekeen baina denborarekin etor daitekeen herritartasun aitortza izango ditugu mintzagai nagusiak.

Nondik nora sortu da hitzaldi hori antolatzeko gogoa edo beharra?

Unibertsitatean gelakideak gara Hafsa eta biok, han ezagutu genuen elkar. Zuzenbidea ikasten ari gara eta, aldi berean, izapide txikiekin-eta laguntzeko zerbitzua eskaintzen diegu migratzaileei. Horrela konturatu ginen jendeak ezjakintasun handia eta oso informazio gutxi duela eman beharreko pausoez.

Migratzaileez ari zara, ala oro har?

Oro har. Migratzaileek asko sufritzen dute beren egoera legeztatzeko prozesuan. Baina, aldi berean, prozesu horretan dauden bitartean laguntzak jasotzen badituzte, adibidez, hemengo jendeak hori ikusi eta gaizki ulertzen du, lapurtzera gatozela ulertzen du. Beraz, bi aldeetan dago informazio gabezia, eta komunikazio gabezia ere badagoela iruditzen zait, batzuek besteen egoerak eta jarrerak ulertzeko zailtasunak. Garrantzitsua iruditzen zaigu ezin ulertu horiekin amaitzea, eta hortik etorri da hitzaldiaren kontua.

Hona iritsi eta beren egoera zuzendu nahi duten migratzaileek ez dute eskura behar duten informazioa?

Horrela da. Adibidez, hemengo jendeak dio: "Hona datoz, eta ez dute lanik bilatzen". Baina ezin duzu lanik egin gizarte-segurantzan alta emanda ez bazaude, eta gizarte-segurantzan alta emateko IFZ [identifikazio fiskaleko zenbakia] behar duzu, eta IFZ izateko legez egon behar zara Espainian; eta horrek esan nahi du gutxienez hiru urte eman behar dituzula Espainian bizitzen, eta horretarako errolda agiriak behar dituzu, errotzea frogatzeko eta, orduan bai, egoera legeztatzeko beharrezko agiriak eskatu ahal izateko... Gauza eta pauso asko behar dira, finean. Eta, noski, horiek guztiak zuzendu bitartean, nolabait atera behar duzu aurrera bizimodua. Eta egoera horri aurre egiteko laguntzaren bat eskatzen baduzu, bertako jendeak esaten dizu migratzaileak estatuaren dirutik jatera besterik ez direla etortzen. Gaizkiulertu asko sortzen dira. Baina kontua ez da migratzaileak gobernuaren lepotik bizitzeko etortzen direla, baizik eta zailtasun handiak dituztela beren egoera zuzentzeko.

Zein dira migratzaile iritsi berri batentzat burokrazia traba nagusiak?

Errolda agiria lortzea da hasieran garrantzitsuena. Baina atzerritarra bazara, paperik eta lanik ez baduzu, inork ez dizu etxebizitzarik alokatuko, eta, beraz, ezingo zara erroldatu. Eta edozer izapidetarako eskatuko dizute errolda agiria: eskolaratzeko. edozein laguntza eskatzeko, udalarengana jotzeko... Herrian erroldatuta ez bazaude, ez zaituzte artatuko. Errolda agiririk ez baduzu, galduta zaude. Egoera horretan, jendea ahal duen moduan moldatzen da errolda agiriak lortzeko. Agiriekin trafikatzera, legez kanpo aritzera bultzatzen dituzte, nolabait: horrenbeste ordainduko dizut zure etxean erroldatzen uztearen truke, etxe horretan ez naizela biziko jakinaren gainean.

Lege eskakizunak betetzeko legez kontra aritu beste irtenbiderik ez dutela diozu?

Hala gertatzen da sarri. Uste dut protokoloren bat ezarri beharko litzatekeela, zerbait, udalek nora eta norengana jo ez daukan pertsona iritsi berri horri ezinbestekoak dituen izapideak egiteko aukera eskaini ahal izateko. Izan ere, legez erroldatzeko modurik ez badu aurkitzen, zailtasunetatik ihesi datorren jendeak legez kanpoko bideetara joko du; ez beraiek hala nahi dutelako, beste erremediorik ez dutelako ikusten baizik.

Migratzaileen jatorriak edota egoerak baldintzatzen al du zailtasunen neurria?

Espainiara etortzeko modu desberdinak daude: familia bateratzea eskatuta, ikasle bisarekin, eta abar. Nire kasuan, adibidez, aita etorri zen lehendabizi, eta hark bere egoera zuzendu zuenean etorri ginen gu; erroldarekin-eta ez genuen arazorik izan, aitak bazuelako bizilekua. Gu legez etorri ginen eta ez genituen aipatu ditudan egoerak pairatu, baina inguruan jende asko ikusi dugu gaizki pasatzen. Gerratik ihesi, pateretan-eta iristen direnek dituzte arazo handienak; ez dira legez iritsi, ez dute lagunduko dien inor ezagutzen... Laguntza gehien behar dutenak, finean. Eta uste dut jatorriak ere baduela zerikusia. Legez ez datorren edonorentzat da oso zaila, baina uste dut zailagoa dela musulmanentzat eta arraza beltzekoentzat; horiek aurreiritzi gehiagori egin behar diete aurre.

Nola leundu daitezke zailtasun horiek? Legeak aldatuta?

Legeak ezin badira aldatu, gutxienez protokoloren bat egon beharko litzateke, pertsona horiek exijitzen zaizkien eskakizunak betetzea ahalbidetzeko; erroldatzeko edo lanean legez hasteko modua izan dezatela, behintzat, beren bizitza eraikitzen has daitezen. Lana legez egitea erraztea estatuarentzat onura litzateke, gainera, horrela pertsona horiek ere kotizatu egingo lukete eta.

Zer esango zenieke gizarte laguntza gehienak etorkinek bereganatzen dituztela dioetenei?

Laguntzak jasotzeko baldintza jakin batzuk bete behar dira. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta [DBE, erdarazko RGI] eskuratzeko, adibidez, ezin da inolako ondasunik izan jabetzan, ez bankuan kontu bat, ezta auto bat ere. Beraz, askoz errazagoa da baldintza hori migratzaile batek betetzea. Jarduteagatik jardutea erraza da, baina baldintzak hor daude, eta guztientzat berdinak dira.

Nola egiten zaio aurre xenofobiari?

Jendea azalaren kolorea edo erlijioa kontuan hartuta epaitzea telebistan ikusten dugunarekin lotuta dagoela iruditzen zait, neurri batean. Musulmanen berri eman izan denean, beti gauza negatiboekin lotuta eman izan da. Neuri behin baino gehiagotan esan izan didate "terrorista" edo "otzan", zapiarekin ikusten nautelako. Zergatik? Musulmana naizelako, eta musulmanei buruz jaso dutena musulman guztiekin lotzen dutelako. Guztiak zaku berean sartzen bagaituzte, ezinezkoa da ezberdintasunekin bukatzea. Pertsonak ezagutu egin behar dira, eta horretarako gerturatu egin behar da. Aurreiritzi eta estereotipo gehiegi dago.