Urriaren 15a bitartean eska daitezke alokairurako udal dirulaguntzak

Julene Frantzesena 2021ko urr. 5a, 14:40

Gazteek, mugikortasun arazoak dituzten herritarrek, banatuta edo dibortziatuta daudenek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko dirulaguntzak. Urriaren 15ean itxiko dute eskaerak egiteko epea. Gazteen kasuan, derrigorra da aurrez Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programan laguntza eskaera egina izatea.

Etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Azpeitiko Udalak. Gazteen emantzipazioa bultzatzea eta erraztea dira erakundeak 2013az geroztik martxan dituen laguntzen xedea, baina gazteek ez ezik, baldintzak betetzen dituzten eta mugikortasun urria duten herritarrek, banandutakoek edo dibortziatutakoek, 70 urtetik gorakoek zein alargunek ere eska ditzakete dirulaguntzak. Urriaren 15a izango da aurtengo dirulaguntza eskaerak egiteko azken eguna.

Gazteen kasuan, dirulaguntza eskatzeko ezinbesteko baldintza izango da aurrez Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programan laguntza eskaera egina izatea, laguntza horren osagarria baita udalak eskaintzen duena. Hau da, Gaztelagun laguntza jaso dutenek ez dute udalaren laguntzarik jasoko, eta hura eskatu baina jaso ez dutenek udalaren laguntza jaso ahal izango dute. Horregatik, Gaztelagun programako eskaera ahal bezain pronto izapidetzea gomendatu die udalak alokairuan bizi diren gazteei.

Dirulaguntzak eskatzen dituztenen alokairuaren errentak hilean 550 euro baino gutxiagokoa izan beharko du; zenbateko horretatik gorako errentak dituztenek ez dute udalaren laguntzarik jasoko. Honako hauek dira udalak eskainiko dituen laguntzak:

  • Alokairua ordaintzeko, gehienez, 250 euro hilean; urtean gehienez 3.600 euro.
  • Alde Zaharrean alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute hilero. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute.
  • Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.

Udalak eskatzaile bakoitzari emango dion dirulaguntzaren zenbatekoa, eskatzaile horren urteko diru sarreren araberakoa izango da, eta honako irizpideak hartuko ditu kontuan:    

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio

Honako lotura honetan irakur daitezke deialdiaren oinarri guztiak eta lotura horretan bertan eskura daiteke eskaera orria.