Ticket Bai sistemari buruzko aurrez aurreko arreta zerbitzua eskainiko dute Ogasunaren Azpeitiko bulegoan

Julene Frantzesena 2021ko urr. 4a, 12:43
Ogasunaren Azpeitiko bulegoaren sarrera.

Zerbitzua erabiltzeko ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea, 943-11 30 00 telefono zenbakira deituta edo Ogasunaren webgunean sartuta. Hitzorduak astelehenetik ostiralera eskainiko dituzte 08:00etatik 14:30era bitartean; zergadun bakoitzak ordu erdiko tartea izango du.

Gaurtik martxan da Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarriko duen Ticket Bai zerga-betebehar sistemari buruzko aurrez aurreko arreta eskaintzeko zerbitzua. Foru Ogasunak lurraldean dituen hainbat bulegotan eskainiko dute zerbitzua, tartean Azpeitian ere bai; izan ere, hamabost teknikari kontratatu dituzte horretarako.

Zerbitzua erabiltzeko ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea, 943-11 30 00 telefono zenbakira deituta edo Ogasunaren webgunean sartuta. Hitzorduak astelehenetik ostiralera eskainiko dituzte 08:00etatik 14:30era bitartean; zergadun bakoitzak ordu erdiko tartea izango du. Dena den, aurrez aurreko hitzorduak ez ezik, Ticket Bairen arreta zerbitzua telefono bidez, modu telematikoan nahiz chatbot bidez ere eskainiko dute.

Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu duenez, Ticket Bairi buruzko informazioa zuzenean ematea da zerbitzuaren helburua, "zergadunak izan dezakeen edozein zalantza edo kezka argitzea da". Ticket Bairen inguruko ezjakintasunak "zalantzak" ere sor ditzakeela azaldu du, eta ziurgabetasun hori argitzeko Ogasunaren bulegoetara jotzeko deia egin du: "Ticket Bai Gipuzkoak esku artean duen erronka garrantzitsuenetako bat da, eta Ogasunetik laguntzeko gaude, lagundu egin nahi dugu".

Gainera, zerga sistema borondatezko epean ezartzeko "urratsa" emateko deia egin die hark zergadunei. "Sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko eta harekin ohitzeko modurik eraginkorrena da, probak egiteko eta beldurrik gabe praktikatzeko". Era berean, azpimarratu du Ticket Bai ezartzeko inbertsioak finantzatzeko laguntza ekonomikoak handiagoak direla borondatezko epean: "Egindako inbertsioaren %60ko kenkari fiskala jaso daiteke, eta mila euroko laguntza zuzenak merkatariek eta ostalariek". Gaur egun, borondatezko epean dago proiektua, baina 2022an, sektorezka mailakatuta, baina derrigorrezkoa izango da sistema ezartzea.

Aldundiaren arabera, hiru aurrerapen eragigo ditu Ticket Baik: batetik, Gipuzkoako ekonomiaren erabateko digitalizazioa eragingo du; bestetik, Ogasunak Ticket Bairi esker jasoko duen informazio fluxuak aukera emango dio zerga administrazioari zergadunen izapide burokratikoak errazteko; eta bestalde, iruzurraren aurkako borrokan aurrerapauso handia izango da.