Santutxun 2-0 galduta, nahi eta ezinean jarraitzen dute Lagun Onakeko gizonezkoek

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 3a, 15:58

Azpeitiko taldeak ezin izan du punturik eskuratu gaur Santutxuren aurka jokatutako partidan. Gaur gaurkoz, sailkapen orokorrean hamaseigarren postuan dago Lagun Onak, sei punturekin. 

Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailako ligako seigarren jardunaldiko partida jokatu du gaur, igandea, goizean Santutxuren aurka, Bilboko Mallona futbol zelaian. Azpeitiko taldeak ezin izan du punturik eskuratu, eta 2-0 galdu dute Santutxuren aurkako norgehiagoka. "Nahi eta ezin" jarraitzen dute Lagun Onakeko mutilek. 

Lehen zatia ondo hasi duten arren, Azpeitiko taldeak ez du gol aukera garbirik izan, eta kontuak kontu, atzean izandako bi despiste tarteko,  2-0 galtzen iritsi dira atsedenaldira. Santutxukoek 31. minutuan sartu dute aurreneko gola, eta bigarrena 40. minutuan. Azpeitiko taldeak markagailuari buelta eman asmoz, bi aldaketa egin ditu atsedenaldian, baina hala ere ezin izan dute punturik eskuratu, eta bere horretan bukatu da partida, markagailua 2-0 zela. 

Lagun Onakek ez du nahi bezala hasi denboraldia, orain arte sei partida jokatuta, sei puntu eskuratu baititu. Gaur gaurkoz, Azpeitiko taldea hamaseigarren postuan dago sailkapen orokorrean. Denboraldia hasi zenetik, bi partida galdu, bakarra irabazi eta hiru berdinketa lortu dituzte Lagun Onakeko mutilek.