Lagun Onakek 1 eta 4 irabazi dio Ostadarri

Nerea Uranga 2021ko urr. 2a, 18:42
Lagun Onakeko Ohorezko Erregional mailako taldea, artxiboko irudi batean.

Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Lagun Onakek merezitako garaipena lortu du gaur Ostadarren kontra Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Mitxelin futbol zelaian.

Unai Urbizuk gidatzen duen Lagun Onakeko nesken talde nagusiak hiru puntu etxeratu ditu gaur, Ostadarri 1 eta 4 irabazi ostean. Lasarte-Oriako Mitxelen futbol zelaian jokatu dute Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Ostadarrek eta Lagun Onakek 2021-2022 denboraldiko hirugarren jardunaldia. 15:45ean hasi behar zuen futbol partidak, baina atzerapenarekin hasi dute.

Lagun Onaken aldeko aurreneko gola Nairak sartu du, bederatzigarren minutuan. Azpeitiko aurrelariaren ahaleginak bere fruitua eman du, eta aurkarien atean sartu du baloia. Bigarren aldeko gola, berriz, 33. minutu pasatxoan lortu du Izarok. Aurrena, belaunarekin gogor jota saiatu da kontrakoen atean baloia sartzen, eta ia-ia izan da. Minutu gutxira, ordea, area kanpoko jaurtiketaz gol ikaragarria lortu du Lagun Onakeko futbolariak.

Lehen zatian kontrolpean izan du partida Lagun Onakek, eta atsedenera 0 eta 2 iritsi da.

Bigarren zatia hasi eta laugarren minutuan, 49.ean, Lagun Onakeko Eguzkiñek erdietsi du hirugarren gola. Larraitzek erdiraketa bikaina egin du, eta buruz sartu du baloia Ostadarren atean azpeitiarrak. Lagun Onaken laugarren gola, berriz, Mariak sartu du 60. minutuan, honek ere buruz sartu du.

Norgehiagoka bukatzeko gutxi falta zela lortu du Ostadarrek partidako gol bakarra, 88. minutuan eta penaltiz.  Hala, Ostadar mendean hartuta eta emaitza bikainarekin etxeratu da Lagun Onakeko emakumeen talde nagusia. Ligako lehen jardunaldian 1 eta 1 egin zuen Urbizuren taldeak Eibarren kontra. Bigarrenean, 4 eta 0 hartu zuten mendean Urnieta, eta gaur ere beste bat irabazi dute.