Kalera atera dute magia beste urte batez

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 2a, 17:27

Herritarrak aho zabalik utzi dituzte beste urte batez Txisteratik eguneko magiapoteoan parte hartu duten magoek. Era guztietako trikimailuez gozatu ahal izan dute gaur eguerdian kalean ibili diren lagunek. Gala nagusian jakinaraziko dute zein izan den Magia-poteo Lehiaketaren irabazlea. Arratsaldean sanagustinpean zein azoka plazan eskaini dituzte magia ikuskizunak. 19:00etan hasiko den gala nagusiak borobilduko du eguna. 

Giro ederrean eman diote jarraipena atzo hasitako V. Txisteratik Egun Magikoari. Eguraldia lagun zela, magiapoteoaz gozatzeko aukera izan dute Alde Zaharreko kaleetatik ibili diren herritarrek. Izan ere, urteroko ohiturari jarraituz, 12:30ean hasita gertuko magia egiten aritu dira zenbait mago Azpeitiko plazan nahiz inguruko tabernetan. Adin guztietako herritarrek gozatu dute magoen trikimailuekin, eta umorerik ez da falta izan. Aurten, gainera, lehiaketa formatua izan du magiapoteoak, Magia-poteo Lehiaketa antolatu baitute. Epaimahaia publiko artean ibili da, eta arratsaldeko gala nagusian jakinaraziko dute zein den txapeldunaren izena. Magia-poteo lehiaketa irabazten duenak Txisteratik Egun Magikoaren seigarren edizioan kontratatua izango du.

Arratsaldean ere kalera atera dute magia, eta 16:30ean hasita, hainbat ikuskizun eskaini dituzte Azoka Plazan nahiz Sanagustinpean. Julen eta Aritz magoak izan dira arratsaldeko emanaldiak eskaini dituzten artistak. 19:00etan hasiko den gala nagusiak borobilduko du eguna. Iagomago, Jaime Figueroa, Gisell, Dala Illusions bikotea eta Imanol Ituño igoko dira agertokira, eta haiek arduratuko dira ikusleak txundituta uzteaz.