Gertuko magia lehiaketarekin hasi da Txisteratik Egun Magikoaren bosgarren edizioa

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 2a, 12:08

Atzo hasi zen magiaz jantzitako asteburua, gertuko magia lehiaketarekin. Guztira, zortzi magok parte hartu zuten lehiaketan, eta Maria Arandia izan zen irabazlea. Giro ederra nagusitu zen Dinamoa sormen gunean. Gaur jarraituko dute Txisteratik Egunaren barruko ekintzek.  

Gertuko magia lehiaketarekin hasi ziren atzo, ostirala, arratsaldean V. Txisteratik Egunaren barruko ekintzak. Aurrenekoz antolatu dute aurten gertuko magia lehiaketa, eta harrera bikaina izan zuen. Guztira, zortzi magok parte hartu zuten 19:00etan hasita Dinamoa Sormen gunean egindako lehiaketan, eta Maria Arandia 19 urteko errenteriarra izan zen irabazlea. Lau urte inguru daramatza magia egiten Arandiak, eta hark azaldu duenez ez zuen espero saria irabaziko zuenik.  Giro ederra nagusitu sormen gunean. Ondoren, 22:00etan hasita, Jaime Figueroaren hitzaldia izan zen. 

Gaur jarraituko dute antolatutako ekintzek. Txisteratik egitasmoari esker ohitura bihurtu den gertuko magia eskainiko dute Alde Zaharreko kaleetan barrena, 12:30ean hasita. Arratsaldean, 16:30etik 19:00etara gertuko eta oholtzako magia ikuskizunak eskainiko dituzte, eta 19:00etan hasiko den gala nagusiak borobilduko du egitaraua.  

Argazkiak: Kulturaz kooperatiba. Argazki bilduma osorik, hemen