V. TXISTERATIK EGUN MAGIKOA

Asteburuan herria magiaz betetzeko prest

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 30a, 19:25

Ostiralean eta larunbatean magiaz jantziko da herria, Txisteratik Egun Magikoaren bosgarren edizioarekin. Ez dira faltako gertuko magia edo ezaguna egin den "Magiapoteoa", ezta larunbat gaueko gala nagusia ere. Aurten, ordea, Txisteratiken antolatzaileek berrikuntzekin osatu dute egitaraua, eta lehiaketa pare bat ere izango dira datozen bi egunetan. Orain arteko edizioek izan duten harreraz eta asteburuan Azpeitian izango diren ikuskizunez solastu da Iago Azkue, antolatzailea eta magoa. 

Azpeitian badago egun magiko bat, eta egun horretan magiaz janzten da herria. Azpeitiar talde baten zaletasunaren ondorioz jaio zen Txisteratik Egun magikoa, eta datorren asteburuan egingo dute Txisteratiken bosgarren edizioa. Iazko etenaren ostean, aurten bi eguneko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta ez da berrikuntzarik faltako. Hainbat dira Txisteratik Egun magikoaren antolakuntzan aritzen diren lagunak, eta zenbaitek ikusten ez den lan ugari egiten dute. Beste batzuek, aldiz, atzean nahiz jendaurrean egiten dute beren ekarpena. Horietako bat da Iago Azkue. Magoa da bera, eta azken urteetako edizioek izan duten harreraz nahiz astebururako antolatu dituzten ekintzez aritu da solasean.

Honako lotura honetan irakur daitezke Txisteratiken bosgarren edizioaren gaineko xehetasun guztiak.