Uztarriak eta Oriamendik hitzarmena sinatu dute, erremonteari ikusgarritasuna emateko helburuz

Uztarria.eus 2021ko urr. 1a, 14:30

Hitzarmenari esker, Uztarria izango da txapelketaren babesle nagusia, eta txapelketaren nondik norakoen berri emango du lehiak irauten duen bitartean.

Aurki hasiko da Azpeitiko Erremonte Txapelketa, eta Azpeitiko Udalarekin batera lehia hori antolatzen duen Oriamendi enpresak eta Uztarria Komunikazio Taldeak hitzarmena sinatu dute gaur, ostiralarekin. Ihintza Elustondo Uztarria parte den Urolako Komunikazio Taldeko lehendakariak eta Xabi Gonzalez Oriamendi enpresako kudeatzaileak izenpetu dute akordioa.

Hitzarmenari esker, Uztarria izango da txapelketaren babesle nagusia, eta txapelketaren nondik norakoen berri emango du lehiak irauten duen bitartean. Modu horretan, erremonteari babesa agertuko dio komunikazio taldeak.

Aurkezpena datorren astean

Hurrengo astean aurkeztuko dute aurtengo Azpeitiko Erremonte Txapelketa, Loiola hotelean. Aurtengoan, bikote bakoitzak herriko soziedade bat ordezkatuko du; hain zuzen ere, horixe izango da berrikuntza nagusietako bat. Besteak beste, Ardozaleak, Inpernue, Zokoa, Oilo Soro eta Ilunpe soziedadeak ordezkatuko dituzte kirolariek. Dena den, Oriamendik aurkezpenean jakinaraziko du zein erremontistak jokatuko duten txapelketan.