Koronabirusa Azpeitian

Zazpi kasu berri baieztatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 30a, 15:20

Herriko intzidentzia tasa zertxobait igo da, eta 177,40 da gaur-gaurkoz. Urola Kostako gainerako udalerrietan ez da kutsatzerik izan azken orduetan, eta intzidentzia tasak egonkortzera jo du. Hego Euskal Herrian ere ildo beretik jarraitzen du egoerak, eta %1,4 da positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitara eman berri ditu asteazkeneko PCR eta antigeno proben emaitzak, eta, guztira, zazpi kasu zenbatu dituzte eskualdean. Zazpi horiek Azpeitian atzemandakoak dira; azken hiru egunetan goraka doaz kutsatzeak herrian. Hala eta guztiz, eremu horian jarraitzen du, nahiz eta intzidentzia tasak zertxobait gora egin duen: une honetan 177,40koa da –atzo 164,26koa–.

Urola Kostako gainerako herrietan ez dute kutsatze berririk detektatu beste behin, eta intzidentzia tasek eusteko joerari heldu diote. Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gorako herrietatik beste hiru daude eremu horian: Azkoitia (108,49), Zarautz (89,95; hainbat puntuko beherakada izan du) eta Zumaia (61,06). Oriok eremu berdean jarraitzen du, 48,92ko tasarekin. Beste herriei dagokienez, honako datuak dituzte: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero, Getarian 35,34, Zestoan 154,08 eta Aian 503,78.

Hego Euskal Herrian

Atzoko datuei erreparatuz, Hego Euskal Herrian 8.193 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 114 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (49), eta, ondoren, Gipuzkoan (29), Nafarroan (hemeretzi) eta Araban (hamasei). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko pertsonak batek ere positibo eman zuen proban. Positibotasun tasa %1,4 da lau lurraldeetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 123 pertsona daude ospitaleetan, eta horietatik 37 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 40 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik hamar daude ZIUn.