Amaitu dituzte Aratzerrekan frontoia eta saneamendu sarea konpontzeko lanak

Anartz Izagirre 2021ko urr. 1a, 08:50

Azpiegiturei dagokienez, argiteria, elektrizitatea eta telefonia kanalizazioak egin dituzte auzoan, eta auzoko ur saneamendua sare orokorrera lotzeko beste hainbat lan ere bai. Horrez gain, frontoiaren estalkian zeuden itoginak eta hezetasunak konpondu dituzte. Guztira, 128.858,30 euroko aurrekontua izan dute lanek.

Azpeitiko Udalak hainbat hobekuntza lan hasi zituen Aratzerrekan joan den uztailean, eta dagoeneko amaitu dituzte lan horiek. Alde batetik, auzoko ur saneamendua sare orokorrarekin lotzeko lanak gauzatu dituzte, eta besteak beste, auzoko komun publikoak lotu dira. Horrez gain, azpiegiturei dagokienez, argiteria, elektrizitatea eta telefonia kanalizazioak egin dira auzoan.

Bestalde, frontoiaren estalkian zeuden itoginak eta hezetasunak ere konpondu dituzte; horretarako, teilak kendu eta horien azpian dagoen egitura iragazgaiztu dute, eta estalkiaren gainazal osoan taula hidrofugoak eta iragazgaizte-xafla bat instalatu dituzte. Era berean, egoera txarrean zeuden teilak eta oso hondatuta zeuden egiturako egurrezko habiak berrezarri dira, pilotalekuko frontiseko zuloak konpondu dituzte eta eraikina pintatu da. Horrez gain, elizaren sarreran dagoen ataripeko estalkia ere iragazgaiztu egin da, fatxadaren eta estalkiaren arteko zuloan mortero bat ezarriz; egoera txarrean zeuden teilak eta kanaleta ere berrezarri egin dira.

Aratzerrekako lanen aurrekontua, guztira, 128.858,30 eurokoa izan da, eta Asier Larrañaga Orbegozo enpresak gauzatu ditu lanak.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)