Oinezkoentzako zubia konpontzen ari dira Loiolan

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 30a, 09:28

Tren geltoki zaharraren eta Loiolatxo soziedadearen ondoko zubia itxita dago joan den astetik. Bi asteko epean bukatzea aurreikusi du udalak.

Loiolako tren geltoki zaharraren eta Loiolatxo elkartearen ondoan dagoen oinezkoentzako zubia konpontzen ari dira. Ondorioz, itxita dago zubia, eta estaziorako bidetik ibili behar dira oinezkoak. Udalak jakinarazi duenez, Sistiaga errekaren gaineko zubia egoera kaxkarrean zegoen eta "segurtasuna bermatzeko" berrituko dute. Zubiaren burdinezko egitura zein gaineko egurrak zeuden kaltetuta;  konpontze lanekin, aipatutako egitura sendotuko dute, eta egurrak aldatu. Joan den astetik dago itxita zubia, eta lanak bi asteko epean bukatzea aurreikusi du udalak.

Loiolako parkearen kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, baina Azpeitiko Udalarekin akordioa du foru erakundeak eta, horren arabera, udalak egiten ditu parkeko ikuskatze eta mantentze lanak; baita, dagokionean eta "aldundiarekin koordinatuta", gunea baldintza egokietan mantentzeko beharrezko lanak ere, zubiarena bezalakoak. Horrela, udalak konponduko du zubia, baina aldundiak ordainduko ditu 11.706, 75 euroko aurrekontua duten lanak.