Gutuna

Txakur bat topatu, eta udaltzainek laguntzarik ez

Eustaki Delfrade Razkin 'Txiki' 2021ko ira. 30a, 09:45

Eustaki Delfradek gutun hau bidali du Uztarriara, joan den igandean gertatu zitzaiona azaltzeko. Txakur bat topatu zuen eta Azpeitiko udaltzainei deitu zien laguntza eske. Haiek emandako erantzuna, ordea, ez zitzaion egokia iruditu, eta gertatutakoa kontatzea erabaki du.

Irailaren 26n gertatutakoa kontatuko dizuet. Gudari Eguna zela eta, paseotxo bat emanez Nuarbera oinez joatea erabaki nuen. Iritsitakoan, mendiz joan zen koadrilla batekin elkartu nintzen eta sorpresa, setter ingles arrazako txakur gazte batekin zetozten, nonbait, Barrenola baserri ingurutik atzetik jarraitu zien.

Soka bat eskatu, txakurra lotu eta udaltzainei abisatzea pentsatu nuen. Nuarben koberturarik ez, eta emakume batek bere etxera eraman ninduen, telofono finkotik deitu nezan. Lehenengo traba: Nuarbeko elkartea ez dago Azpeitian, Beizaman baizik; beraz Beizamara deitzeko. Baina frontoia Azpeitikoa da, beraz hamabost pauso eman eta Azpeitian nengoen berriz ere; hobeto esanda, geunden, txakurra eta ni.

Izena, bi abizen, NA zenbakia eta telefono zenbakia eskatu eta gero, esan nien Gorriyeri abisatuz gero, esateko Txiki nintzela, albaitari klinikakoa, ezagunak gara eta. Ia ordu eta erdi geroago, ikusirik inor ez zela azaltzen, albaitari bat Orbegozo jatetxera joan zen telefonoz deitzera, jakiteko zer gertatzen zen. Gorriye oporretan zela —ondo mereziak gainera— eta soluzioa gu txakurraren kargu egitea zela esan zioten. Albaitariak azaldu zien oinez joan ginela eta ezin genuela berriz ere Nuarbetik Azpeitia oinez bueltatu txakurrarekin. Eta soluzioa txakurra askatzea zela esan ez ziguten bada. Txakurrak herrian lotuta eta errepidean askatzeko?

Oinez abiatzea erabaki nuen, eta bidean nindoala, lagun batzuk beraien kotxean hartu —eskertzekoa benetan—,  eta Udaltzaingora eraman gintuzten. Sartu ginenean, bi udaltzain goxo eserita zeuden. Txakurrari mikrotxip zenbakia irakurtzeko eskatu nien, eta ni arduratuko nintzela jabeari deitzeaz. Ezetz esan zidaten; datuen babeserako arauak direla eta, ezin zidatela jabearen daturik eman. Horretan arrazoia eman nien, eta esan nien beraiek jartzeko nagusiarekin harremanetan. Eta sorpresa! Hori ez omen da protokoloa.

Behin eta berriz mikrotxipa irakurtzea ukatu eta gero, txakurra hartu, herria zeharkatu eta albaitaritza klinikara joan nintzen. Txiparen zenbakia irakurri, jabeari abisatu eta kito. 
Ia hiru ordu horretan, frustrazio eta inpotentzia handiarekin, eta bazkaldu gabe etxera.
Gauzak ondo eginez gero, Nuarbe-Azpeitira joan, txip zenbakia irakurri, inspekziora joan, jabearen datuak atera, jabeari abisatu eta kito. 25 minutu gehienez?

Txapa horren ondoren, bi gauza: lehena, beti pentsatu dut eta beti esaten dut itsasontzi berean goazela eta elkarri lagundu behar diogula, guztion onerako; bigarrena, udaltzain baten kasuan, hori ez da aukera bat, derrigorrezkoa baizik, beraien lana horixe baita. Zehazki udaltzain horrek —nahiz eta ez dakidan bere izena, eskatu nionean ez baitzidan eman—, nire ustez ez du bere lana ongi bete; eta zalantzan jartzen dut bere jarrera nahastaile eta harroa ikusita, bere lana ondo betetzeko gai denik, orokorrean. 

Gertatukoa kontatu dut, eta ez dut aipatu animalien ongizaterako eskubidea. Hori beste baterako utziko dut, nahiz eta garrantzitsuena hori izan. 

Oharra: Astelehenean Gorriyerekin —galdutako animaliez arduratzen den pertsona da, udalarekin hala hitzartuta duelako— hitz egiten aritu ondoren, Azpeitiko, Zestoako eta Azkoitiko udaltzainek bere instalazioetara sartzeko giltza eskura dutela azpimarratu zidan, hain justu, bera ez dagoen momentuetarako, beharra sortzen zaien edozein kasutarako, alegia.