Bederatzi ikastaro antolatu dituzte Azpeitiko Udalak eta IMHk elkarlanean

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 29a, 15:47
Udalak eta IMHk elkarlanean antolatutako beste ikastaro bat.

Doakoak izango dira ikastaro guztiak. Abendura bitarteko ikastaroak dira gaur iragarri dituztenak, eta datorren astelehenean hasiko da aurrena. Ikastaro batzuk offline eskainiko dituzte; beste batzuk, gela birtualaren bidez.

Azpeitiko Udalak eta IMHk elkarlanean, doako bederatzi ikastaro antolatu dituzte abendura bitartean. Bi eratara eskainiko dituzte ikastaroak: offline, alegia, ikastarorako sarbidea izango du ikasleak eta epe baten barruan bakoitzak bere erara egin beharko du; eta gela birtualean, alegia, ikastaroa ordutegi zehatz batean emango da, zuzenean. Bederatzi ikastaroak lau arlotan banatu dituzte: pertsonen garapen arloa; automatizazio eta muntaia arloa; fabrikazio arloa; eta diseinu arloa. Izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago behar dutenek, basazabal@azpeitia.eus helbidera idatz dezakete edo 943-25 50 06 eta 943-15 71 92 telefono zenbakietara deitu.

Pertsonen garapen arloan, hogeina orduko hiru ikastaro antolatu dituzte, eta offline emango dituzte hirurak. Coaching exekutiboa ikastaroa urriaren 13an hasiko da eta azaroaren 12an bukatu; Programazio neurolinguistikorako sarrera ikastaroa azaroaren 2an hasiko da eta 30ean bukatu; Pozten naiz ni ezagutzeaz. Eneagramaren bidez ulertu zaitez izeneko ikastaroa azaroaren 22an hasi eta abenduaren 22an bukatuko da.

Automatizazio eta muntaia arloan, Ikusmen artifizialeko sistemen programazioa emango dute. Hamabi orduko iraupena izango du eta gela birtualean emango dute, azaroaren 8tik 11ra, 15:00etatik 18:00etara.

Fabrikazio arloan, hiru ikastaro. CAM NX fresaketarako hasiera ikastaroak hogei orduko iraupena izango du eta gela birtualean emango dute, urriaren 4tik 15era, 09:30etik 12:00etara. CAM NX (2 1/2 + 3 ardatz fresatzeko makina) ikastaroak berrogei orduko iraupena izango du eta gela birtualean emango dute, azaroaren 15etik abenduaren 3ra, 09:30etik 12:00etara. Eta Heidenhaun 530: Programazioa ikastaroak berrogei orduko iraupena izango du eta gela birtualean emango dute, urriaren 18tik azaroaren 9ra, 09:30etik 12:00etara.

Azkenik, diseinu arloan, bi ikastaro antolatu dituzte. Solid Edge I. Modelatua eta planoak ikastaroak 30 orduko iraupena izango du eta gela birtualean emango dute, urriaren 18tik 29ra, 15:00etatik 18:00etara. NX. Ordenagailu bidezko 3D diseinua ikastaroak, berriz, 60 orduko iraupena izango eta gela birtualean emango dute, azaroaren 16tik abenduaren 17ra, 15:30etik 18:30era.